Abadiñoko Udalak diru-laguntzak emango dizkie 2012-2013 ikasturtean euskara klaseetara joan diren herritarrei. Eskariak egiteko epea hilaren 30ra arte zabalik izango da.
Diru-laguntza eskabideak Abadiñoko Errota Kultur Etxean edo Udal Mediatekan egin behar dira. Eskariarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira: eskatzailearen NANaren fotokopia, matrikula ordaindu izanaren agiria, euskaltegiaren ziurtagiria eta kontu-zenbakia.
Udal ordenantzaren arabera, herrian erroldatuta egoteaz gain, ohiko ikastaroetan gutxienik ere %80ko asistentzia izatea eskatzen da diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko. Kasu horretan, matrikularen %75 da diru-laguntza. Eskola guztietara joanez gero %100 berreskura daiteke, Udalatik aurreratu dutenez.
Iaz 43 herritar izan ziren Udalaren babes ekonomikoa jaso zutenak, denera 10.000 euro.