Abadiñoko Udalak diru-laguntzak emango dizkie euskara klaseetara joan diren herritarrei. Diru laguntzak 2017-2018 ikasturteari dagozkie, 2018ko irailekoak barne, eta eskariak Errota kultur etxean edo Udal mediatekan egin behar dira irailaren 3tik 28ra bitartean.
Eskariarekin batera, eskatzailearen Nortasun Agiriaren fotokopia, matrikula ordaindu izanaren agiria, euskaltegiaren ziurtagiria eta kontu-zenbakia aurkeztu behar dira.
Herrian erroldatuta egoteaz gain, ohiko ikastaroetan gutxienik ere %80ko asistentzia izatea eskatzen da diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, udal ordenantzan azaltzen denaren arabera. Kasu horretan, matrikularen %75ekoa da diru-laguntza. Eskola guztietara joanez gero matrikularen %100a berreskura daiteke.
Iaz 30 herritar izan ziren Udalaren babes ekonomikoa jaso zutenak, denera 6.428,56 euro.