
‘Euskaraldia: 11 egun euskaraz’ ariketa sozialean parte hartzeko izen-emate epea irekita dago irailaren 20tik. Euskara praktikan jarri nahi duten herritarrek, izena eman ahal izango dute hizkuntza ohiturak astintzea helburu duen ariketa sozialean parte hartzeko.
Horretarako, izenematea.euskaraldia.eus edo zornotzarren kasuan www.zornotzarrak.eus webguneetan izena eman dezakete. Beraietan, izen-emate formularioak daude; parte hartzeko ‘Belarriprest’ eta ‘Ahobizi’ rolen artean erabaki beharko dute. Horretarako eskuragai egongo da webguneetan erabakia hartzeko lagungarria izango den informazioa.
Durangoko Euskaraldiak, gainera, lokal bat irekiko du Artekalea 14an, Hitz liburu-denda zegoen lokalean, San Fausto jaien ostean.
11 egun euskaraz
Herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzeaz gain, Euskaraldiak era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatu nahi du. Parte-hartzaileei 11 egunetan zehar beraien ohiko harremanetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak aktibatzeko helburuagaz.
‘11 egun euskaraz’ azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko da eta 11 egunez ‘Ahobizi’ eta ‘Belarriprest’ bihurtu nahi dira 16 urtetik gorako herritarrak. Bi protagonistak identifikatzeko txapak jarriko dira; ‘Ahobizi’ek, ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz; ‘Belarriprest’ak berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko diete, nahiz eta eurek erdaraz erantzun.
Herri bakoitzeko dinamikaren sustatzaileak tokian tokiko euskaltzaleak dira eta Durangoren kasuan, hainbat ikastetxe, elkarte, erakunde eta norbanakoren babesa jaso du. Durangoko Udalak ere bat egin du ekimenagaz.
Durangoko batzordeak ateak zabalik ditu bertan parte hartu gura duten guztientzat. Parte hartzeko gogoz edo laguntzeko prest dagoenak euskaraldiadurango@gmail.com helbidera idatzi dezake batzordearekin kontaktuan jartzeko.