Durangoko Udalak eta bertako erakunde autonomoak diren Durango Kirolak, Astarloa Kulturgintza, Bartolome Ertzilla Musika Eskola eta Udal Euskaltegia eta Durango Eraikitzen enpresa publikoak, parte hartze aktiboa izango dute gaur hasi den Euskaraldian. Udalarekin lotura duten entitateetan 43 arigune sortu dira.
Euskaraldia dela eta lanketatxoa egin da azken hileotan langile eta zinegotziekin, Euskal Herria osoan egiten ari den ariketa sozialera batu daitezen eta euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin dezaten.
Udalak entitate gisa eman du izena “modu kolektiboan hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa” hartuta eta bertan sortu diren ariguneetan “euskaraz lasai aritzeko” aukera egongo da.
Bi motatako ariguneak eratu dituzte: barne ariguneetan, lankideekin euskara gehiago egiteko ariketa egingo da taldean eta kanpo ariguneetan berriz, herritarrei begirako harrera euskaraz eskainiko da, ‘ahobizi’ edo ‘belarriprest’ bat egongo dela harrera-lekuetan.
Udal ordezkariek, gainera, deia egin diete durangarrei Euskaraldian izena emateko eta Udalarekin dituzten harremanetan euskara erabili dezaten.