Euskaraldia ospatzeko Zaldibarren prestatutako ekitaldi gehienak atzeratzea erabaki dute, “Udalak San Andres jaien inguruan hartutako erabakiarekin bat eginda” eta Eusko Jaurlaritzak “hartutako neurriak direla medio”.
Euskaraldiko batzordeko kideek, hala ere, “Euskaraldiaren itxiera ekitaldia eta azaroaren 26rako antolatuta geneukan liburu irakurketa bakarrik aurrera eraman ahalko dugula” aurreikusten dute.
Euskararen erabilera areagotzeko antolatutako ariketa sozialak iraungo dituen 15 egunetan hainbat ekintza eta ekitaldi prestatuta zituzten Zaldibarren, baina Covid-19aren izurritea dela eta “euskara ohiturak eraldatzeko ariketan egin nahi genituen ekitaldiak moldatzea erabaki dugu”. Atzeratutako ekitaldietarako jarriko dituzten data berriak zein iragarritako zozketak ezagutarazteko sare sozialak baliatuko dituzte.
Bestalde, ‘Ahobizi’ eta ‘Belarriprest’ rolak azaltzen dituzten txapen banaketa hasiko dute eta bariku honetan eta hurrengoan, 17:30etatik aurrera, udaletxeko plazan egongo dira Euskaraldiaren eragileek. Txapak jasotzeaz gain oraindik izena eman ez dutenek inskripzioa egiteko aukera izango dute.