
Eskualdeko herrietan Euskaraldiari bultzada emateko hainbat ekimen prestatu dituzte egunetan, tarteko Durangon eguaztenean inauguratutako lokala edo Elorrion datozen egunetarako antolatutako ekitaldiak.
Euskal Herria osoan hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ‘Euskaraldia. 11 egun euskaraz’ egingo da azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean. Ekimen hori Durangon ahalbidetzeko eta hedapena emateko, lokala ireki dute Artekalean, Hitz liburu denda zegoen tokian hain zuzen. Bertan, Euskaraldian parte hartu eta, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu ondoren, ekimenean izena eman ahal izango da. Gainera, “herritarrek Euskaraldiari buruz jakin gura duten informazio guztia” jaso dezakete, eragileen esanetan.
Lokaleko ordutegia 18:00etatik 20:30etara izango da urriko eta azaroko eguenetan. Azaroko larunbatetan gainera, irekita egongo da zapatuetan 12:00etatik 14:30etara ere. Euskaraldia hasi aurreko astean berriz, egunero egongo da zabalik.
Horrez gain, izenematea.euskaraldia.eus helbidean ere izena emateko aukera dagoela gogoratu dute.

Ekitaldi ugari Elorrion
Elorrioko Euskaraldia ekimena sustatzen duten herritarrek eta Udaleko ordezkariek aurkezpena egin zuten eguaztenean eta agerraldian deia egin zieten elorriar guztiei hainbat egunez kalean jarriko diren mahaietan izena emateko. “Belarriprest eta Ahobizi gehiago behar ditugu, eta ez hamaika egunez bakarrik, urte osoan baizik”, adierazi zuen Idoia Buruaga alkateak.
Kanpainarekin bat egin eta izena emateko zenbait aukera izango dira, interneteko helbideaz gain. Elorrioko Udalean, Iturri kultur etxean, Herri ikastetxean, Txintxirri ikastolan, Lourdes ikastetxean edo AEK euskaltegian postontzi finkoak egongo dira eta asteburuetan izen-emate mahaiak jarriko dira herriko hainbat lekutan.
Izena eman duten herritarrek zelan jokatu argitzeko helburuarekin formakuntza saioak eskainiko dira. Belarripest taldekoentzat urriaren 30ean edo azaroaren 16an; Ahobizi izango direnentzat, berriz, urriaren 25ean, azaroaren 6an edo azaroaren 20an. Saio guztiak Iturri kultur etxean izango dira, arratsaldeko 19:00etan.
Elorrioko plazan domekan egongo den izen-ematearen inguruan ekintza berezia prestatu dute. Izan ere, izen-emate mahaia jarriko dute herriko plazan, eta 13:00etan, eguerdiko giro ona hobetzeko, Beatriz Egizabal klown eta antzerkilariaren emankizuna izango da.
Azaroaren 7an, berriz, ‘2+2 ≠ 4’ (Bi gehi bi ez dira lau) aurkezpena egingo da Arriolan, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Elorrion euskararen erabilera zenbatekoa den aztertu duen ikerketaren datuak aurkeztuko dira.
Por favor, alguien puede explicarme qué es Euskaraldia, para qué sirve, quién lo fomenta/patrocian? De verdad, que no lo sé.