Baikortasuna eta errealismoa batzen ditu Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko idatzitako adierazpenak. Testu horretan “euskara bizitzen ari den zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker” gertatu dela aipatzen bada ere “indarberritzeko eguna” ere badela azpimarratzen da.
Hainbat erakundek onartutako adierazpenean argi eta garbi esaten da euskara “belaunaldiarteko hizkuntza eta, batez ere, gazteen hizkuntza izatera” pasatu dela eta “ingurune jakin batzuetara mugatuta egotetik sekula bereak izan ez dituen esparru sozialetan ere nor izatera” igaro dela.
“Zer egin dezaket nik euskararen alde?” izenburuarekin idatzitako testuak, gaur ospatzen den egunaren helburu nagusia euskara “hizkuntza erabilia eta bizia izatea” dela dio. “Izan ere, gaur egun, oraindik, bi hizkuntza ofizialen berdintasun sozialetik urrun gaude. Euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute, baina gizartean egoera desberdina bizi dute”.
Adierazpenaren izenburuan egiten den galderari erantzuteaz gain, “herri aginteok eta askotariko gizarte-eragileok elkar hartuta ospatu nahi izan dugu aurten Euskararen Eguna” aipatzen da. Amorebieta-Etxano eta Elorriko Udalak tarteko, “euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko konpromiso bat hartu nahi izan dugu, nork bere neurrikoa, nork bere ahalaren araberakoa”.
Kirol eta kultur jarduerak Elorrion
Hartutako konpromisoa kirol eta kultur jarduerekin gauzatuko dute Elorrion. Horrez gain, kontuan hartuta egun berean ospatzen dela Aniztasun funtzionala duten Pertsonen Nazioarteko Eguna, ekimen berezi bat prestatu dute Elorrio Rugby Taldeak eta Gorabide elkarteak.
Elorrioko Udalak eta herriko hainbat elkarteek Euskararen Egunerako prestatutako egitaraua goizeko 11.00etan abiatuko da, udaletxeko balkoian ‘Gaur ere Euskararen Eguna’ dion pankarta eskegitzen dutenean. Jarraian ‘Jump Fit’ ariketa fisikoa euskaraz egin ahal izango da plazako frontoiko karpan eta 12.00etan Ebalixu taldeak , ‘Urratsak euskaraz konpleju barik, emoion/k’ lelopean antolatutako lau kilometroko Herri Lasterketa hasiko da.
Umeentzako eta ez hain umeentzako tailerrak egingo dira plazako karpan 16.30etik 18.30era eta 17.30ean Flashmob bat egingo dute Elorrioko ikastetxeetako ikasleek. Ondoren, Oihan Vegak gidatutako Disko Festa eta txokolatada egongo dira. Gauean, ‘Igelak’ izenburuarekin euskaraz ekoiztutako azken pelikula emango da Arriola Antzokian.
Elorrio Rugby Taldeak eta Gorabide elkarteak aniztasun funtzionala duten gazteentzat antolatutako jardunaldia 11.00etan abiatuko da errugbi zelaian. 13.00etan harrera egingo zaie partaideei udaletxean eta eguna borobiltzeko bazkaria egingo dute.