Durangon euskararen alde lan egiten duten elkarteak eta euskaltzaleak batzen dituen Guka euskaltzaleen bilguneak, ‘Euskararen aldeko indarrak biderkatuz’ jardunaldia egingo du zapatu goizean. Pinondo Etxean egingo den gogoetara herritar euskaltzaleak zein eragileak daude gonbidatuta.
“Jardunaldiaren helburua Durangoko euskalgintzaren jardunari buruz eztabaidatzea da, nondik gatozen ikusi eta aurrera begirako erronkak identifikatuz”, eragileen esanetan. Gainera, “zein aliantza sortu behar diren eta zein dinamika parte-hartzaile ipini behar diren martxan” izango dute eztabaidagai.
Eguneko egitaraua goizeko 10:00etan egingo den ongietorria eta sarrerarekin abiatuko da. Ondoren, gogoeta saioari hasiera emango dio Jon Sarasuak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak. Berbaldian, Euskal Herriko euskalgintzaren ibilbideari, egoerari eta egungo erronkei erreparatuko die.
Euskal Herriko esperientziak izango dira mintzagai 11:00etatik aurrera. World-cafe formatuan egingo den ekitaldian, hainbat antolaketa mota eta dinamika interesgarriak aztertuko dituzte partaideek.
Eguerdian, taldeko dinamikak izango dira mintzagai eta ekitaldira bertaratzen direnek ‘Durangon zein bilgune behar du euskalgintzak?’ eta ‘Zein dinamika parte-hartzaile egin behar ditugu?’ galderei erantzuna ematen ahaleginduko dira.
13:45tik aurrera jardunaldiaren ondorioak emango dira ezagutzera.