Berrizko Udalak kiroletan eta teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko ikastaroak antolatu ditu. ???Euskaratek??? izeneko ekimena urtarrilean burutuko da, bost saio desberdinetan, eta Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko eta DBHko ikasleei zuzenduta dago.
Koikili Lertxundi Athleticeko jokalariak (Itzarri Consulting zerbitzuaren bitartez) Berrizko gaztetxoei saio berezia eskainiko die urtarrilean. Ikasleei zuzenduta dago ikastaroa, Lehen Hezkuntzako bigarren ziklokoei eta DBHkoei hain zuzen.
Kiroletan eta teknologia berrietan euskara erabiltzeko saioak dinamizatuko ditu Koikilik. Berarekin batera Ander Iturraspe jokalaria egongo da. ???Euskaratek??? izeneko ikastaro hau datorren astelehenean aurkeztuko dute bi jokalariek, arratsaldeko 7etan kultur etxean.
Euskaraz trebatzeko saioak eskolaz kanpoko orduetan egingo dira. Saio horietan jendaurrean norbere burua aurkezteko trebetasuna landuko dute eta, horretaz gain, teknologia berriak euskaraz erabiliko dituzte. Guztira bost saio desberdin antolatu dituzte, urtarrilaren 18, 22, 25, 27 eta 29an egingo dira. Guztiak 19.00etan hasiko dira. Parte hartu nahi duenak urtarrilaren 14a baino lehen eman beharko du izena udaletxean.
Otsailean eta martxoan berriz, kirol entrenamenduak euskaraz egiteko trebatze saio bereziak eskainiko ditu Koikilik. Kirol taldeetan ere euskararen erabilera bultzatu nahi da. Horretarako euskara-gaztelania hiztegi teknikoa ezagutzera eman, entrenatzaileei trebakuntza berezia eman eta lan saioetan esku-hartze zuzena eskainiko du.