Amorebieta-Etxanoko Udalak 2024-2026 urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu du. Egitasmoak 39 neurri eta 108 ekintza zehazten ditu datozen hiru urteetan gauzatzeko, herritarren artean euskararen erabilera eta sustapena areagotzeko helburuarekin.
Planaren onarpenarekin Amorebieta-Etxanoko Udalak “berretsi egiten du euskara sustatzeko eta zaintzeko konpromisoa, bai kultura arlotik eta baita hizkuntza-ondare gisa ere”, Udaletik adierazi dutenez. Horrez gain, “herritarrak animatu nahi ditu proposatuko diren ekimenetan parte hartzera”.
Hiru erronka
Datozen hiru urteetarako hiru erronka nagusi identifikatu ondoren, plana lau ardatzetan egituratu dute: Gobernantzan, Jabekuntzan, Erabileran eta Elikaduran, hain zuzen.
Planak zehaztutako lehen erronka sentsibilizazioa lantzea da. Alde batetik, euskal gaitasuna nagusi duten hiztunak, hizkuntzaren transmisioan duten garrantziaz kontzientziatu nahi dira. Bestalde, erdal gaitasuna nagusi duten hiztunen artean, euskararen errealitateaz jabetu eta euren hizkuntza gaitasuna hobetu nahi da.
Identifikatutako bigarren erronkak interakzioa bideratzean jartzen du oinarria. Izan ere, “beharrezkoa da euskal hiztunen arteko interakziorako sareak sortzea”, eta ohituretan eragitea. Horretarako, “euskaldunak herritar aktiboak” bilakatzea “ezinbestekoa” da, “jende gehiena euskaraz egitera” motibatu nahi bada.
%83,7 burututa
Hirugarren erronkak gaitasuna areagotu nahi du; hau da, “euskaraz maila ona eduki arren gaztelaniaz bestekoa ez duten horien gaitasunean eragin behar” dela adierazten du. Horrez gain, “euskaraz ezertxo ere ez, edo oso-oso gutxi dakitenengan eragiteko bide erakargarri eta eraginkorrak bilatu behar dira; besteak beste, atzerritik etorritako jendearengan eragiteko eta horiek euskarara hurbiltzeko”. Eginbide horretan harrera protokolo eraginkorrak diseinatzea ezinbestekoa izango da.
Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria egiteko, Udala iaz hasi zen lau urteetan egindakoaren ebaluazioa eta diagnostikoa egiten. Alde batetik, ebaluazio kuantitatiboa egin zen, eta planean zehaztutako ekintzen betetze maila aztertu zen. Ebaluazioak erakutsi zuenez, proposatutako ekintzen %83,7 burutu zirela ondorioztatu zen.