Banner en desktop Banner en moviles
Durangoko Azoka
Euskal Denda
Contra el Cancer Bizkaia
Dendak Bai

Euskararen erabilera gehitzeko egingo den ariketa soziala

Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa proposatzen duen Euskaraldia ariketa burutuko da gaurtik abenduaren 3ra bitartean. 11 egunez, euskaraz hitz egiten edo ulertzen duen edonori euskaraz hitz egiteko gonbitea egiten zaio, egunerokotasunari astindua eman eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzeko.

16 urtetik gorako herritarrek parte hartu dezakete Euskaraldian. Ekimenarekin bat egiten dutenek aldez aurretik aukeratutako Ahobizi edo Belarriprest rola beteko dute eta 11 egunez soinean eramango dute dagokien ikurra. Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da eta Belarriprest izateko, gutxienez, euskara ulertu behar da.

Ariketa sozial honetan parte hartzen duen edonork, bakoitzak aukeratutako rolaren ezaugarriak betetzeko konpromisoa bete behar du. Hau da, Ahobiziak ulertzen duenari euskaraz egingo dio, hark erdaraz erantzun arren, eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die. Belarripresta berriz, lehen hitza euskaraz jasotzeko prest dagoen herritarra izango da, hizkuntza ulertzen duelako, nahiz eta erantzuna, agian, erdaraz emango duen.

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskara gehiagotan erabili daitekeela ikusarazi nahi duen ekimenak, erabileraren inguruan egindako neurketak hartzen ditu oinarri. Durangaldean, esaterako, gora egin du euskararen ezagutzak azken berrogei urtetan.

Eskualdean herritarren %60 baino gehiagok ulertzen du euskara eta herri batzuetan %80tik gorakoa da kopuru hori. Ulertzeko gaitasuna oinarri hartuta, euskaraz egiteko aukerak sortu nahi dira eta euskaraz berba egitea zein euskara entzutea erraztu egingo da.


Euskaraldia-Ahobizi-Iraide-LauzirikaIraide Lauzirika Ahobizi

“Gure hizkuntza daukagun gauzarik politenetakoa da”

-Zergatik aukeratu duzu Ahobizi rola?
-Euskera betidanik izan dudalako nire hizkuntza, etxean eta eskolan. Gero, uniber­tsitatean, erdaraz ikasi nuen baina nire inguruko hizkuntza beti euskera izan da. Nahiz eta gure betiko hizkuntza euskera den, egia da sarritan erdaraz egiteko joera dugula, pertsona edo giro batzuen arabera.

-Beraz, euskera duzu ama-hizkuntza?
-Bai, etxean zein inguruan beti egin dut euskeraz. Etxean, normala izan da euskaraz egitea. Nire amari euskeraz egiteko esaten zion bere aitak, nahiz eta debekatuta zegoen. Gure hizkuntza da eta daukagun gauzarik politenetakoa.

-Euskeraren egoera kontuan hartuta beharrezkoak dira Euskaraldia bezalako ekimenak?
-Bai, oso garrantzitsua da, zeren horrelako ekimen batek bultzada emango dio euskerari. Pauso txikia da, 11 eguneko ekimena delako. Baina ohitura berriak sortzea eta euskaldun berriak zein euskaldun zaharrak erabiltzeko beldurra edo lotsa kentzea lortzen badugu, aukera ederra izango da erabilera gehitzeko.

-Unibertsitateko ikasketak erdaraz egin zenituen. Horrek eragina izan zuen?
-Egia da erdararako joera har­tzen duzula, unibertsitatean ingurukoak nituenak ez zekitelako euskeraz. Eta egia da erraztasun gehiago hartzen duzula erdarara jotzeko euskerara baino, errazagoa delako edo ez dakit zergatik. Euskaraldia egoera horri buelta emateko eta joera hori alda­tzeko baliogarria izango dudala uste dut. 11 egun hauetan konturatzen bagara pertsona batzuk euskeraz dakitela edo ulertzen dutela, erdaraz egiteko joera aldatuko dugula uste dut.

-Amorebieta-Etxanoko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egiten duzu lan. Zure lanpostutik euskeraren erabilerak gora egin duela esango zenuke?
-Lanean, lehenengo hitza beti euskeraz da. Batzuetan, udaletxean egiten ditugun tramiteak, erdaraz egiten ditugu, baina euskaraz dakienarekin euskeraz. Pertsona batzuk, batez ere adinekoek, erdaraz egiteko erraztasun gehiago dute gauza teknikoak direlako. Baina ikusten dut udaletxera datorren jende gaztea euskeraz egiten ahalegintzen dela.

-Euskaraldia moduko ekimenak beharrezkoak ikusten dituzu euskeraren erabilera bultzatzeko?
-Ez hori bakarrik. Euskaraldiak erakutsiko digu zein kasutan egiten dugun euskeraz eta zeinetan ez. Ariketa horrek konturaraziko gaitu egoera horretaz eta erdarara jotzeko joerak aldatzeko baliagarria izango da.


Euskaraldia-Belarriprest-Victor-MiguelVictor Miguel Belarriprest

“Herritarrak egunerokotasunetik ateratzeko gonbitea eraginkorra izan daitekeela uste dut”

Gaurtik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldia ariketa sozialean parte hartuko du Victor Miguelek eta euskaraz egiten dionari euskaraz erantzuten ahaleginduko da. Aranda de Dueron jaiotako gazte honek ‘Belarriprest’ rola aukeratu du.

-Zergatik aukeratu duzu Belarriprest rola?
-Euskaraz hitz egiten saia­tzen naiz baina ez dut ondo egiten. Sarritan azkar berba egin nahi dut eta pixka bat korapilatzen naiz. Oraindik euskara gehiago ikasi behar dut eta ni ‘belarriprest’ banago ere ez dut neure burua erraztasunez ikusten.

-Euskararen erabilera, gaur egun, zein egoeratan dagoela uste duzu?
-Garai batean, gaztelania hezkuntzan inposatzeak eragina izan zuen. Horrek mozketa garbi bat ekarri zuen euskaraz zekiten gurasoen eta beraien seme-alaben artean eta, oraindik ere, transmisio arazo hori familietan nabarmentzen da. Gero, eskoletan ematen hasi zenean, zenbaiti itolarria eragin zion euskara ikasteak eta oraindik ere jolastokian askok erdarara jotzen du. Baina ez dakit gaur egungo egoeraren zergatia.

-Zure kasuan ikasketak gaztelaniaz egin zenituen, ezta?
-Aranda de Dueron egin nituen nire lehenengo ikasketak; gero unibertsitatekoak Iruñean burutu nituen eta Bilbon lanean hasi nintzenean Garaira etorri nintzen bizi­tzera. Gauza errazak esateko moldatzen naiz, baina sakoneko elkarrizketetan kostatu egiten zait. Lehenengo hizkuntza eskakizuna gainditu nuen eta orain Durangoko Abarrak euskaltegian nago 2. hizkuntza eskakizuna lortzeko prestatzen.

-Egunerokotasunean euskaraz mintzatzeko aukera duzu?
-Ez gehiegi. Nik Bilbon lan egiten dut eta nire lantokian 55 pertsona inguru gara eta horietako bik besterik ez dute euskaraz hitz egiten. Beraz, nire lankideek ere ez dute euskaraz egiteko aukera gehiegirik. Etxean berriz ahalegintzen naiz, nire bikotekidea euskalduna delako, baina batzuetan aspertu egiten da eta erdarara jotzen dugu. Beraz, berarekin eta bere familiarekin bakarrik egin dezaket, zeren Durangoko lagunetatik bakarren batek egiten du euskaraz.

-Euskaraldia moduko ekimenak beharrezkoak ikusten dituzu euskararen erabilera bultzatzeko?
-Uste dut ondo dagoen ekimena dela eta ideia asko gusta­tzen zait. 11 egunez euskeraz egiteko ariketa proposatzea herritarrei eta beraien egunerokotasunetik ateratzeko gonbitea luzatzea eraginkorra izan daitekeela uste dut. Egunero hitz eginez gero, errazagoa izango da euskararen erabilera handi­tzea. Niri behintzat, gustatuko litzaidake egunero egitea.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados