Berrizko Udalak euskararen erabilera sustatzeko esperientzia pilotu aintzindaria egin du udal beharginen artean. Guztira, 21 lagunek parte hartu dute eta helburua udal langileek euren arteko egoera informaletan euskara gehiago erabiltzea izan da.
Egitasmoa udalak indarrean daukan euskararen erabilera sustatzeko planarean barruan kokatzen da. Lan honek emandako emaitzak positibotzat jo dituzte udal arduradunek. “Datu orokorretan aldaketa positiboa eman da, eta proposatutako hipotesia baieztatu egin da”, azpimarratu dute.
Berrizko Udaletik aurreratu duten bezala, “erabileraren pertzepzioak gora egin du”. “Langile batzuek aitortu dute euskara gehiago erabili dutela, eta beste batzuek adierazi dute, haien iritziz, lankideek euskara gehiago erabili dutela”.
Zentzu honetan azpimarratzekoak dira “aldaketarako konpromisoa” eta “kontrolagarritasuna”. “Euskararen erabilerak gora egiteko bi giltzarri nagusietakoak dira. Norbanakoak onartzea beste batek euskaraz egin nahi izatea eta norbanakoak duen gaitasuna erabilera oztopatzen duten faktoreetan eragiteko”, esan dute.
Eralan foroaren oinarriak erabiliz egin dute esperientzia, eta Euskal Herriko Unibertsitateko psikologia fakultateak landu duen hiru saioetako metodología erabili dute.