Berrizko udalbatzak 2010-2012 Euskara Sustatzeko Irati Plan Estrategikoa onartu zuen asteazkenean egindako ohiko udal bilkuran. Aho batez eman zioten baietza planari. Hamar esparru nagusi bereizten ditu panak, bakoitzean helburuak, horiek betetzeko adierazleak, bete beharreko estrategia eta ekintzak zehazten dira.
Euskara Sustatzeko Irati Plan Estrategikoa onartu zuen asteazkenean Berrizko udalak ohiko bilkuran. Plana bi urtetarako da. Udalak prestatu duen bigarren plan estrategikoa da honakoa, lehenengoa 2004-2007 urteari zegokiona izan zen, gero beste bi urtez luzatu zena. Esparru guztietan hizkuntzaren normalizazioa lortzen laguntzea da plan horren helburua.
2010-2012ko Plan Estrategikoak hamar esparru nagusi bereizten ditu. Horietako bakoitzean helburu jakinak jarri eta horiek betetzeko adierazleak eta bete beharreko estrategia eta ekintzak zehazten dira.
Hamar esparruak hauek dira: familia transmisioa, euskalduntzea-prestakuntza, irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak. Esparru horietan euskararen erabilera handitu eta sustatu nahi da, besteak beste.