“Euskara eta gaztelania aukera berdintasunean garatu daitezen eta benetako elebitasuna lortu eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea” helburu nagusiak dituen Euskararen Udal Kontseilua sortzea onartu zuen aho batez Durangoko udalbatzak egindako osoko bilkuran.
Erakunde sortu berriaren funtzio nagusiak “euskararen plan estrategikoak diseinatzeko eta garatzeko laguntza eta aholkularitza” ematea zein “plan estrategikoaren urteko kudeaketa planaren diseinuan eta jarraipenean parte hartzea” izango dira. Oro har, “Euskara Batzorde Informatiboaren eskariari jarraituz, Durangoko udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusirik duten gaiak aztertzea” izango dira zereginak.
Kontseiluari ezarritako helburuak gauzatzeko, hizkuntza politiken koordinazioa hobetzeko eta “erakundeen jarduera bultzatze aldera, gizarte eragileen inplikazioa lortzea izango da erabili beharreko filosofia”, onartutako antolakuntza eta funtzionamendu araudiaren arabera.
Kide anitzeko organo aholku-emailea, eztabaidatzaile eta informatzailea izango denez, udalerrian hizkuntza normalizazioan diharduten talde, elkarte, erakunde publiko eta pribatu eta pertsona fisikoen ordezkarien harreman-organoa izango da. Kide izateko, eskabidea bidali behar zaio presidenteari.
Kontseilu berriak euskararen sustapenean diharduten eta hizkuntza normalizazioan eragiten duten pertsona fisikoak zein juridikoak batuko ditu. Gehienez 20 kide eta gutxienez zortzi kide izango dituen erakundeak, euskara elkarteak, euskalduntze-alfabetatze arloko erakundeak, ikastetxeak, guraso elkarteak, kultura, aisialdi edo kirol elkarteak, merkataritza eta ostalaritza elkarteak, enpresen ordezkariak edo komunikabideak bilduko ditu. “Halaber, euskalgintzan esanguratsuak diren gizon-emakumeak”.
Antolakuntza eta funtzionamendua
Alderdi politikoek ere ordezkaritza izango dute kontseiluan eta udalbatzako talde politiko guztiek ordezkari bana izango dute. Erakundearen presidentea kultura arloko zinegotzia izango da.
Kontseiluaren antolakuntza eta funtzionamendu araudiaren arabera, “emakumeen eta gizonen presentzia orekatua” bermatu behar da eta sexu biek, gutxienez, %40ko ordezkaritza izateko neurriak hartuko dira.
Datozen egunetan eratuko den Euskararen Udal Kontseilua, 2010ean onartutako euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko udal araudia eta 2013ko euskararen erabilera normalizatzeko planaren ondotik dator.