
Aroa Blanco eta Maite Lopez aktore durangarrek hizkuntza hartu dute gaitzat datorren otsailaren 16an (20:00etan) Zornotza Aretoan estreinatuko den ‘Euskaldungak’ ikuskizuna ekoizteko. Antzezlanean euskararekin zerikusia duten egoerei buruzko hausnarketa dibertigarria proposatzen dute.
Euskaldun berri baten eta euskaldun zahar baten arteko gora-beherak islatzen dituzte bi antzezleek. Hau da, “euskaldun zaharrei euskaldun berriak zuzentzea zergatik hainbeste kostatzen zaien argitzea, eta euskaldun berriek zergatik dioten halako beldur izugarria akatsak egiteari”, Blancok eta Lopezek argitzen dutenez.
Solasaldi, eztabaiden eta gaizki-ulertuen bidez, gai horri argi pixka bat ematen saiatuko dira, betiere umoreaz baliatuta.
Bi aktoreek denbora zeramaten elkarrekin lan egiteko gogoz, “lagunak garelako eta beti hurbil egon garelako, Aroa Karrikatik gertu izan da eta ni sarritan joan naiz bere lanak ikustera”, Lopezek dioenez.
Sormen prozesua
Adiskidetasun horretatik abiatuta, eta kontuan hartuta bata euskaldun berria dela eta bestea euskaldun zaharra, “hizkuntza erabiltzean sortzen diren deserosotasunen inguruan antzezlan bat egitea” erabaki zuten.
Ikuskizuna sortzeko prozesuan buru-belarri murgildu dira bi antzezleak eta testua bien artean sortu badute, nahiz eta Patricia Urritiak kanpoko begirada eman dien. “Elkartzen ginen bakoitzean, bakoitzari gertatutako pasarteren bat ekarri behar genuen hurrengo entsegurako. Gero, antzezlanean sartzeko egokitzen genituen”, Blancok argitzen duenez.
‘Euskaldungak’en ardatza biek bizi izan dituzten esperientziak, jorratze maila, gaizki-ulertuak eta euskalduntasunaren inguruko erronkak izan dira. Pasadizo horiek solasaldi, eztabaida zein bakarrizketa bilakatu eta kantekin zein dantzekin tartekatu dituzte, eztabaidak lasaitzeko eta egoera bere onera eramateko.
Ikuskizunerako sortutako testua eta bertan deskribatzen diren istorio txikiak lagunekin partekatzen zituzten, haien iradokizunak jasoz. Testuaren azken zuzenketak eta ekarpenak Itziar Zabala itzultzaileak egin zituen.
Lizentzia poetikoa
Antzezlanaren izenburua asmatzeko ere irudimena lantzeari ekin diote. “Euskarari dagokionaren inguruko hitz bat bilatzen nenbilela ‘euskaldungo’ hitza aurkitu nuen, eta biok emakumeak garenez ‘Euskaldungak’ izenburua jartzea erabaki genuen. Ez du inolako esanahirik, baina ‘lizentzia poetikoa’ hartu genuen”.
‘Euskaldungak’ lanaren bi bertsio ekoiztu ditu Lopezek eta Blancok sortutako Taulelak konpainiak. “Bertsio laburrak 25 minutu irauten du; Durangoko Azokaren Szenatokian estreinatu genuen eta bi agerraldi eman genituen. Ikusleen aldetik oso kritika onak jaso genituen. Otsailaren 16an ordubete irauten duen bertsio luzea estreinatuko dugu Zornotzan, gero Galdakaon izango gara eta martxoaren 21ean Durangoko San Agustin Kultur Aretoan antzeztuko dugu”.
Lehenengo agerraldi horietara gerturatzen diren programatzaileek ikuskizunaren bi bertsioetako edozein eskaini ahal izango dute beraien aretoetan. Antzokietan eskainiko dituzten emanaldietarako argiztapena eta atrezzoa erabiliko dituzte, baina euskaltegietan ere saioak egiteko asmoa izanik, horietan ez dute agertokirako inolako osagarririk behar.