Zornotzako Udal Euskaltegiak, AEK Euskaltegiak eta Zornotzako Barnetegiak euskara ikasteko eskaintza zabala eskainiko dizkie herritarrei 2021-2022 ikasturtean. Udalerriko hiru euskaltegiek maila guztiak eta formatu desberdinak eskainiko dituzte eta Udalak diru-laguntzak banatuko ditu matrikulatutako herritarren artean.
Euskararen irakaskuntzan diharduten erakunde guztiek, Amaia Aurrekoetxea Irigoras Euskara Zinegotziarekin batera egin zuten ikasturtearen aurkezpena, euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeko helburuarekin. Beraz, ikasturte berrian euskara ikasi, hobetu edo tituluren bat lortzeko asmoa duten zornotzarrek aukera zabala izango dute.
Aurrekoetxeak “euskararen irakaskuntzan ari diren guztien lana” azpimarratu nahi izateaz gain, Covid-19aren ondorioz euskara irakasten jarraitzeko egiten ari diren saiakera berezia goraipatu zuen. Horregatik eskerrak eman zien “bereziki, ez ohikoa den egoera honetan ikasleei erantzuteko egin behar izan duten ahaleginagatik, eta hemendik aurrera egin beharko dutenagatik”.
Udal Euskaltegia
Zornotzako Udal Euskaltegiak behar guztietara egokitutako ikastaroak eskainiko ditu ikasturte berrian. Urritik aurrera zentro horretako zuzendari berria izango den Begoña Begiristain Basterretxeak adierazi zuenez “ohiko taldeak edo talde arruntak ditugu: astean sei orduko ikastaroak dira, astelehenetik ostegunera izaten dira, eta eguneko saioa ordu eta erdikoa izaten da”.
Ikastaro bereziak ere eskainiko dira nagusi, guraso, ostalari eta abarrei zuzendutakoak; AISA taldean etorkinentzako zuzendutako ikastaroak eskainiko dira eta udarako hilabeteko ikastaro trinkoak iragartzen dituzte.
Matrikulazio epea irailaren 21a arte egin daiteke eta irailaren 22an ikasle berrientzako sarrera probak egingo dira. Harremanetan jartzeko 94 673 20 26 telefonora deitu edo euskaltegia@amorebieta.eus e-mail helbidera idatzi daiteke.
AEK Euskaltegia
AEK Euskaltegiak ikasturte berrian eskainiko duen eskaintzaren ezaugarri nagusiak aurrez aurreko eta on line ikastaroak izango dira. Zornotzako AEKko arduraduna den Igor Landaluze Unzaluk azaldu zuenez, “A1 mailatik hasi eta C1 maila bitartekoak” eskainiko diren ikastaroak urritik ekainera izaten dira, eta ditugun aukeren artean, ikasleak berak aukeratu dezake maiztasuna eta ordutegia”.
Gainera, “euskaraz hobeto eta erosoago hitz egiten ikasteko” mintzamen ikastaroak; etxetik ikasteko aukera ematen duen autoikaskuntza ikastaroa ere eskainiko dute, baita on-linekoak ere.
AEK Euskaltegian izena emateko epea irailaren 28ra arte egongo da zabalik eta horretarako 94 673 43 70 telefonora deitu edo zornotza@aek.eus e-mailera idatzi daiteke.
Zornotzako Barnetegia
Zornotzako Barnetegiak maila guztietako ikastaroen aukera eskainiko du. Nahiz eta Covid-19ak eragina izango duen ikasturte honetan eta “aurten, oraindik ere, aurreko ikastaroan egindako egokitzapenak eta murrizketak mantendu beharko ditugu”, Marivi Zubiaga Gallastegik, zuzendariaren esanetan.
Eskaintzari helduz, aurrez aurreko ikastaroak emango dira, hilabeteko iraupenekoak neguan eta 12 egunekoak udan. On-linekoak berriz, “A1etik C2 maila bitartera” eskainiko dira ikasturte osoan zehar. Aurrez aurreko ikastaro telematikoak egiteko aukera egongo da eta enpresa eta eskoletan ere klaseak ematen jarraituko da. Horrez gain, “Etxeparekoekin jarraituko dugu elkarlanean. Urtarrilean Hego Hemisferioko 5 ikasle izango ditugu eta udan Ipar Hemisferioko 23. Bestalde, Maputxea irakasteko materialak sortzen jarraituko dugu Garabideekoekin dugun elkarlanaren baitan. Amets Arzallusen Miña liburuko 11 kapitulu hartu eta B1 mailarako ikasmaterialak prestatzeko proiektua ere, eskuartean dugu”.
Zornotzako Barnetegian izen-ematea 94 630 83 04 telefonoan edo info@zornotzakobarnetegia.eus e-mailean egin daiteke.
Diru-laguntzak
Amorebieta-Etxanoko Udalak diru-laguntzak banatuko ditu aurten ere “udalerrian erroldatuta dauden artean” eta eskaerak ikasturtea bukatutakoan aurkeztu ahal izango dira, Aurrekoetxeak adierazi zuenez.
Horrez gain, Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Berbaldiak programa urrian jarriko da martxan, ekimen honen helburua euskaraz berba egitea dela.