Eskualdeko euskaltegiak prest daude 2020-2021 ikasturte berriari hasiera emateko. Covid-19ak kurtso hasiera baldintzatuko du baina ikasleek ez diote uko egin matrikulazioari eta aurreko urteetan euskalduntzen egon den adina pertsona gerturatuko da geletara.
MAITE EUBA AREITIOAURTENA DURANGOKO UDAL EUSKALTEGIKO ZUZENDARIA
“Itxialdian lortu dugun eskarmentuari esker edozein unetan prest geundeke eskolak online emateko”

-Aste honetan amaitu da 2020-2021 ikasturterako matrikulazio epea Udal Euskaltegian. Nola joan da izen-ematea?
-Ezin gara kexatu. Azkeneko hiru urteetan uztailean aurrematrikula egiten dugu. Aurten 181 ikaslek eman dute izena (gehienak ikasturtean ibili direnak). Taldeak egiten hasteko laguntza handia da.
-Aurreko ikasturteekin alderatuta, matrikulazio kopurua mantentzen ari da edo eragina du Covid-19ak?
-Irailaren 15ean 160 ikaslek eman dute izena. Iaz sasoi honetan baino 10 gutxiagok. Oraindik goiz da jakiteko COVID-19ak duen errua ala bestelako arrazoirik dagoen. Argi daukagu lagundu ez duela laguntzen.
-Zer-nolako neurriak hartuko dituzue klaseetara doazen ikasleen osasuna bermatzeko?
-Neurriak hartu ditugu dagoeneko. Protokoloa diseinatu dugu horretarako. Izan ere udako taldeak martxan ditugu eta beharrezkoa zen leku segurua garela bermatzea; besteak beste aforoa zaintzen dugu, modu digitala lehenetsi dugu… euskaltegian sartu orduko instrukzio jakin batzuk jarraitu behar ditugu denok (langile eta ikasleek).
-Zein izango da Udal Euskaltegiaren ikastaro-eskaintza ikasturte honetarako?
-Gure modulazioa astean bi egunekoa da (6 eta 4 ordukoa). Martxotik ekainera bitarteko itxialdian etxetik jarraitu genituen eskolak. Lortu dugun eskarmentuari esker edozein unetan prest geundeke eskolak online emateko; izan taldean, izan kasu partikularretan. Momentuz gure asmoa aurrez aurre hastea da ahal den kasu guztietan.
-Ikasketez gain ikasleei ekimen osagarriak eskainiko zaizkie?
-Bai. Guk geuk antolatuko ditugunak neurriak zainduta burutuko ditugu, esaterako mintzodromoak. Bestelako erakunde edo elkarteek antolatutakoetara joango gara ziurtasuna bermatuta dagoen neurrian.
-Euskaraldia azaroaren 20an hasiko da. Nola inplikatuko da Udal Euskaltegia?
-Erakunde moduan izena emanda dugu, bi barne arigune eta kanpo arigune bat dauzkagu. Urritik aurrera, ikasturtearekin batera ahobizi eta belarriprest izatera animatuko ditugu ikasleak.
IGOR LANDALUCE ZORNOTZAKO AEKko KOORDINATZAILEA
“Gela handiago bat eskatu diogu Udalari eta erantzunaren zain gaude”

-Zenbat ikasle izan zenituzten iaz Zornotzako euskaltegian? Ikasle-kopuru hori mantenduko duzue?
-Oraindik matrikulazio garaian gaude eta ez dakigu zer etorriko dan. Hala ere iaz izan genuen ikasle-kopurua mantenduko dugula uste dut eta, gutxi gora behera, neguko eta udako ikastaroak kontuan hartuta 80 ikasle ingururi zerbitzua emango diegula uste dut. Matrikulazio epearen erdialdean gaude eta herenegun zazpi pertsona etorri ziren batera, C1 mailako ikastaro bat ia-ia osatzeko nahikoa. Hasierako mailetara, A1 eta A2ra, ikasle gutxiago etortzen dira baina erdi mailatik gora jende gehiago dator.
-Osasun-larrialdia dela eta, gela bakoitzeko ikasle kopurua jaitsi egingo da AEKk eskaintzen dituen ikastaroetan?
-Printzipioz ez. Agindua dugu pertsonen arteko distantzia gehitzeko eta musukoa gela barruan mantentzeko. Lokala atontzen gabiltza ikasleak ahalik eta nasaien sartzeko eta Zornotzan gutxieneko ikasle kopurua zazpi lagunekoa dugu eta gehiengoa 14koa. Galdetu diogu Udalari ia eraikin publikoren baten gela handiagorik lortzeko aukerarik edukiko geneukan eta erantzun horren zain gaude.
-Zein izango da AEKren ikastaro-eskaintza ikasturte onetarako?
-AEKn maila guztiak ditugu, hasierako A1etik eta C2 aurreratuena arte, aurrez aurrekoa zein on-line ikastekoa. Bitarteko bat ere eskaintzen dugu, autoikaskuntzaren bidez formula erdipresentzialean oinarritzen dena.
-Indartu egingo dituzue on-line ikasketak edo klase presentzialak lehenetsiko dituzue?
-On-line eskaintza aspalditik eskaintzen dugu AEKn. Hemen informazio guztia ematen diegu ikasleei baina zerbitzuaren kudeaketa zentraletik egiten da. Aurrez-aurre eskaintzen diren ikastaroak modu presentzialean ematen saiatuko gara, beste bakartze edo etxeratze bat ez badator behintzat. Eta horrelakorik gertatuz gero, on-line kudeatu eta zerbitzua emango diegu AEKren plataformaren bitartez.
-Euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko baliabideak izango dituzte ikasleek aurten ere?
-Zornotzan Udal teknikariak kudeatzen ditu berba-taldeak eta gure ikasleei eskaintzen diegu zerbitzu horretan parte hartzea. Horrez gain, urtero eskatzen diogu diru-laguntza Udalari euskaltegitik kanpoko kultur jardueretarako eta egin ditugun azkenak ekainean herrian egindako gidatutako bisitak izan ziren. Gainera AEKk Durangaldean kudeatzen duen Berbalagun programara ere bideratzen ditugu Zornotzako ikasleak.
-Ekimen berezirik prestatu duzue euskaltegian Euskaraldiari begira?
-Eskualde mailako funtzionamendua dugu eta Durangaldeko AEKrekin koordinatzen gara. Euskaraldiaren parte garenez, egiten diren ekitaldi guztiak bultzatuko ditugu.