
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak eta Bizkaiko Urtxintxa Eskolak ‘Familian euskaraz jolasean’ ekimena jarri dute martxan aurten ere. Ekimen honek familia barneko euskarazko harremanak indartu nahi ditu, kalean zein parkean euskara erabiliz.
Hiru eta zortzi urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendutako ekimena ordubeteko saio ludikoetan egingo da. Jardunaldi bakoitzean hizkuntza era atsegingarrian landuko da umeek euskara bizipen positiboekin lotzeko.
Saioen metodologia dinamikoa izango da eta umeek eta helduek elkarrekin jolastuz ikasiko dituzte olgetak. Jolasak eta abestiak Urtxintxa Eskolako hezitzaileek irakatsiko dizkiete. Ikasitako abesti eta jolasak etxean edo beste edozein lekutan praktikan jarri ahal izango dituzte.
Ekimena irailaren 27an hasiko da eta guztira 28 saio egingo dira Durangaldeko herrietan. Herri bakoitzean egingo diren saioak, egunak eta ordutegiak www.durangaldeaeuskaraz.eus webgunean argitaratuko dira.