
Domekan amaituko diren Elorrioko Ferixa Nausikoak azken txanpari ekingo diote gaur bertan eta goizeko ekitaldiak batez ere jubilatuei zuzendauta badaude ere, arratsaldean Mintzodromoa egongo da eta gauean Zea Mays eta Koban taldeen kontzertua eta Chicas de La Habana taldearen saioak izango dute protagonismoa.
Durangaldeko Bizidun Nagusien Elkarteak prestatutako ibilbide zirkularrarekin hasiko dira eguneko ekitaldiak. Goizeko 9:00etan herriko plazan bildu ondoren, San Agustin Etxebarria, Berriozabaleta, Leiz, Lekeriketa, Argiñeta, Zenita eta Angio zeharkatuko dute Aldatsekuara heldu aurretik. 11:30ean hildako jubilatuen omenezko meza emango da parrokian eta 13:00etan kopaua izango dute Aldatsekuan. Arratsaldean, Arantza eta Pantxoren kantaldia egongo da 18:30etik aurrera.
Eguneko egitarauan bestelako ekitaldiak tartekatu dira beste adin batzuetako herritarrei zuzenduta. Etxeko gazteenek haur parkeak izango dituzte 16:00etatik aurrera, Elorrioko Buzkantza eta Abadiñoko Txopoa taldeen arteko areto futbol partidua jokatuko da kiroldegian, eta lagunarteko rugby partidua izango da San Roken. 19:30ean ‘Babo Royal’ ikuskuzuna eskainiko du Ganso & Cia. konpainiak Urarka kalean.
Mintzodromoa
Elorrioko Euskaraldiko herri batzordeak antolatutako Mintzodromoa 18:30etik 19:30era egingo da Urarka kalearen hasieran. Bertaratzen direnek hiru gairen inguruan euskaraz eztabaidatu eta hausnartuko dute, talde txikietan antolatuta. “Edonor hurreratu daiteke bertara: euskara ikasten dabiltzanak eta praktikatu gura dutenak, besteak bide horretan lagundu gura dituztenak…” berriketaldia prestatu duten eragileen arabera.
Iluntzeko 21:00etan, saltsa, merengue, cumbia eta bestelako doinuak eskainiko dituen Chicas de La Habana taldearen ekitaldia egongo da eta ordu bete geroago suzko zezena egongo da plazan. 23:00etan Zea Mays eta Koban taldeen kontzertua hasiko da plazan eta gaurdian Little Martin Selektahren saioa hasiko da Gaztetxean.