Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak Fokuan gizarte-zinemaldiaren hirugarren edizioa antolatu du eta aurtengo edizioren protagonistak errefuxiatuak eta migratzaileak izango dira.
Durangoko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimenak gai sozialak landuko dituen bi saio iragartzen ditu eta biak Zugaza zineman izango dira.
Lehenengo ekitaldia gaur bertan izango da ‘Tori et Lokita’ pelikularen emanaldiarekin. Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiak zuzendutako filma gaur egungo Belgikan kokatzen da. Afrikatik bakarrik iritsi ziren haur batek eta neska nerabe batek erbesteko baldintza gogorrei aurre egin beharko diete.
Fokuan ekimena abenduaren 19an emango diren ‘M’ dokumentalarekin eta ‘Carta a Sasha’ laburmetraiarekin osatuko da. ‘M’ filmak Espainiara bakarrik iristen diren gazte migratzaileen kezkak eta esperientziak kontatzen ditu. ‘Carta a Sasha’k berriz, Aljeriako basamortuko errefuxiatu-gune baten bizi den Fatmaren ideia zoragarri bat hartzen du abiapuntu.
400 ikasle inguru
Gizarte-zinemaldiaren hirugarren edizioaren emanaldietara Durangoko Ibaizabal ikastola, Jesuitak eta Maristak ikastetxeetako 400 ikasle inguru hurreratuko dira. Fokuan ekimenaren bidez, “Durangoko 16 eta 18 urteko ikasleak garrantzi handiko gai horien inguruan sentsibilizatzea da aurtengo edizioaren helburua”, Rio de Ororen kideen esanetan.
Zinema dokumentala eta film laburrak baliatuz, “munduko zenbait errealitateren inguruan sentsibilizatzea lortu nahi du erakundeak”.