Senitarteko zaintzaileak lagundu, orientatu eta prestatzen dituen Zaindu Durangaldea zerbitzuak Elorrion eskainiko den Formakutza ikastaroa eta Zaldibarren eta Durangon emango diren Laguntza tailerrak antolatu ditu. Iragarritako saioak urrian eta azaroan emango dira.
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak eta Durangoko Udalak antolatzen duten Zaindu programak, mendeko pertsonak zaintzeko gaitasunak eta trebetasunak erakusteaz gain, nork bere burua zaintzeko prestakuntza eskaintzen du.
Elorrioko Iturri Kultur Etxean eskainiko den Formakuntza ikastaroan, ‘Emozioak eta zaintza’ landuko dira. Ekimen horren bidez, ongizate psikologiko maila egokia lortzeko ezagutzak emango dira, norberaren emozio munduari arreta eskainiz.
Ikastaroan zehar, tristura, antsietatea, estresa baina baita gogobetetasuna, baikortasuna, erresilientzia edo jarioaren esperientzia bezalako emozioak zer eta zertarako diren aztertuko dira.
Saioak urriaren 22an eta 29an eta azaroaren 5ean eta 12an izango dira, 17:30etatik 19:00etara.
Norbere burua zaindu tailerra
Zaldibarren eta Durangon emango diren laguntza tailerretan norbere burua zaintzeko ezaugarriak eskainiko dira, bakoitzaren trebeziak landu eta ongizate maila igoz. Horretarako, tentsio iturriak aztertuko dira, emozio eta pentsamenduen arteko lotura, komunikazio estiloa, eta aisialdiaz eta denbora libreaz disfrutatzearen garrantzia jorratuko da, besteak beste.
Zaldibarko Liburutegi Zaharrean emango da ikastaroa urriaren 24an eta 31n, azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an eta abenduaren 5ean, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara.
Durangon, berriz, Adinekoan Udal Egoitzan emango da ikastaroa egun berdinetan baina arratsaldeko 15:30etik 17:00etara.
Ekintza hauetaz gain, Zaindu programak banakako informazioa eta orientazioa, bikote zaintzaileentzat zuzendutako laguntza tailerrak edo heriotza eta doluari buruz egindako tailerrak eskaintzen ditu, besteak beste.
Informazio gehiago nahi duten senide zaintzaileek 946030046 edo 946200546 telefonoetara deitu dezakete 9:00etatik 13:00etara; durangaldea@zaindu.eu posta elektronikora idatzi edo www.mdurango.org web gunea bisitatu.