Amorebieta-Etxanoko Udalak prestatutako Gabon jaien egitarauak, joera desberdineko doinuak entzuteko aukera eskainiko du. Aurreko egunetan, Melted Klocks taldearen agerraldia, Aita Eliseoren omenezko kontzertua edo Larreako katekesiko kideen saioa izan badira, barikuan Zubiaur Musika Eskolaren txanda izango da.
Zentro horretako ikasle eta irakasleek dagoeneko klasiko bihurtu den emanaldia eskainiko dute 22an, 20:00etan hasita, Zornotza Aretoan. Ekitaldian, musika korala eta instrumentala tartekatu dira, estilo ezberdinetako lanak eta abestiak konbinatuz.
Zapatuan, hilak 23, herriko koralek bi saio eskainiko dituzte. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, herriko kaleetan zehar ibiliko dira Gabon-kantak eskainiz. 13:45ean berriz, partaide guztiak Kalbarion elkartuko dira Bartolome Ertzilla durangarrak konposatutako Mesias Sarritan pieza eskaintzeko.
Egun berean, baina 20:00etan, Zornotzako Musika Bandak ‘Bitartean… folk’ kontzertua eskainiko du, Bitartean musika taldeko kideak diren Garazi Navas, Haritz Ezeiza, Sebastian Ustarroz eta Ixiar Jauregiren partaidetzarekin.
Agerraldiko errepertorioa Euskal Herriko eta Argentinako folk doinuekin osatuko bada ere, piezak “bandarekin jotzeko moldatu dituzte Bitartean taldeko kideek”, Aritz Labrador zuzendariaren esanetan. Izan ere, ekitaldian “fandangoa, arin-arina eta bestelako melodia tradizionalak entzungo badira ere, tangoak eta Argentinako beste hainbat melodia tartekatuko dira”.
“Ekitaldi eta kontzertu hauek guztiek jai-giroa aberastuko dutenaren zalantzarik ez dut, musika ere Gabonen parte baita”, Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu duenez.