
Gabon kontzertua eskainiko du aurten ere Jaizale-Durangaldeko Txistulariak taldeak Eleder Iturrietaren zuzendaritzapean. Agerraldia, domekan izango da Durangoko San Frantzisko elizan eguerdiko 13:00etan eta eguneko errepertorioa gabon kantekin osatuko da.
Jaizale taldeko txistulariez gain beste hainbat musikari izango da ekitaldian. Agertokian Felipe Zelaieta bertsolaria; Iratxe Oses, Alberto Asla eta Josu Otxotorenak osatutako metal taldea; Nagore Pastor, Miren Eeles, Onintza Azkarate eta Amaia Jaiok egingo duten biolin laukotea arituko dira. Kontzertuko partaidetza Irene Lasa, Eneritz Elgezua, Uxue Alonso, Ismene Uriarte, Karmele Alkorta, Fernando Alsasua, Balentin Sagastizabal, Luis Mª Uriarte eta Juan Carlos Aranzabalek osatutako koroa; Alex Agirrebeitia piano jolea eta José M. Chamorro perkusionistarekin borobilduko da.
Agerraldirako prestatutako errepertorioa Fernando Aurrekoetxeak moldatutako gabon piezekin osatuko da eta hasteko ‘Hallellujah’ eta ‘Adeste fideles’ joko dituzte. Ondoren, ‘Zer jazotzen ete da’, ‘Bihotz sutuakin’, ‘Mendi garaietatik’, ‘El buen rey Wenceslao’, ‘Olentzaro begi gorri’ eta ‘Gau erdian soinua’ joko dituzte.
Egitarauari amaiera emateko ‘Ez dauko bexiguak’, ‘Din, dan, don’ eta ‘Hator, hator’ eskainiko dituzte.