Jakoba Errekondoren hitzaldiarekin hasitako 2018ko ‘Hitzez eta Ahotsez’ literatura egitasmoak, bere lehenengo solasaldi dialogikoa izango du bihar, iluntzeko 19:00etan, Bizenta Mogel bibliotekan. Aurtengo edizioa, bosgarrena hain zuzen, ‘Lurra’ du ekimenaren ardatz, Joseba Sarrionandia’ (2014), ‘Itsasoa’ (2015), ‘Durangaldeko idazleak’ (2016) eta ‘Bidaia’ (2017) gaiak landu eta gero.
Solasaldi dialogikoetan parte hartzen duten literatur zaleek, aldez aurretik irakurritako testu baten inguruko gogoeta egiten dute. Horretarako hainbat testu proposatzen dituzte egitasmoaren eragileek eta oraingoan Bitoriano Gandiagaren ‘Artasoko salmuak’; Joxan Artzeren ‘Lurrari buruzko poemak’; Juan Mari Lekuonaren ‘Lurra nigan’; Asun Garikanoren ‘Far Westeko Euskal Herria’; Koldo Amestoyren ‘Izan eta ez izan’ eta Iñigo Aranbarriren ‘Zapataren ohiana’ aukeratu dituzte.
Ekitaldira bertaratzen direnek, testu horietako bakoitzean atentzioa sorrarazi dion zerbait izango dute hizpide, “pertsonaiak ezagutzen duzun norbait gogoraraztea; gertatutakoa norberak bizi izana; ahapaldi bat benetan ederra iruditzea…”, ekimenaren eragileen arabera.
Saioan, “zein zati aukeratu duen eta zergatik adieraziko du taldekideetako bakoitzak” eta horrek “hizketarako bidea emango digu eta bideratzailearen laguntzaz testuaren esanahia edo zentzua osatzen saiatuko gara geure aukeretatik abiatuz”.
Solasaldi dialogikoan parte hartu nahi dutenek hitzezetaahotsez@gmail.com e-postara edo twitter-eko @hitzez_ahotsez helbideetara idatzi dezakete edo facebook-eko Hitzez eta Ahotsez orria bisitatu.
Aurtengo bigarren solasaldi dialogikoa martxoaren 21ean izango da. Apirilaren 20 ipuin kontalaria izango da eta edizio honi amaiera emango dion jendaurreko irakurraldia maiatzaren 4rako iragarri dute.