
Zirkoko teknika desberdinak lantzen dituzten artistak bilduko ditu aurten ere San Agustin Kultur Guneko Maluta ikuskizunak. Bosgarren edizioa betetzen duen ekimena lau egunez egongo da ikusgai, abenduaren 27tik 30era bitartean, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Edizio honetarako prestatutako egitarauan nazioarteko zein bertako artistak azalduko dira, agerraldi desberdinen arteko hutsarteak Ganso & Cia. durangarrak beteko dituela. Agertokian azalduko diren artistek ezinezkoak diruditen trebeziak eskainiko dituzte, zirkoaren magia eta edertasuna agerian utziz.
Italiatik gerturatuko den Andrea Sperottok mastarekin duen trebezia jarriko badu agerian, Gaztela eta Leongo Rodrigo Gilek pilotekin eta bestelako objektuekin maisutasunez egiten dituen malabareak eskainiko ditu.
Bost artista euskaldun eta catalunyarrak biltzen dituen Kolektivo Konikak era desberdineko akrobazietan oinarritutako saioa eskainiko du eta Frantziako Laura Picardek berriz, oreka-jokoen sorta gerturatuko du. Iñigo Arroyo barakaldarrak azkenik, bmx bizikletarekin duen trebezia agertokian jarriko du ikusgai.
Sarrerak 7 eta 3 eurotan daude salgai ikuslego helduentzat eta txikientzat, hurrenez hurren. Bazkideak eta Txikitxartela dutenek berriz, 5 edo 3 euro ordainduko dituzte.