Garaiko eta Lantziegoko Udalak 2013. urtean hasitako senidetzea berretsiko dute maiatzaren 4an. Egun horretan, Durangaldera gerturatuko dira Arabako hego-ekialdean dagoen herriko udal ordezkariak eta hainbat lagun.
Egun horretarako prestatutako egitaraua goizeko 11:00etan hasiko da, bai Garaiko Udalak bai herritarrek Lantziegoko udal ordezkariak eta herritarrak hartzen dituztenean. Ekitaldia Momoitioko San Juanen egingo da eta hurreratzen direnei hamaiketakoa eskaini ondoren, eremua eta nekropolia ezagutzeko aukera egongo da, bisitarientzat zein herritarrentzat antolatutako bisita gidatuarekin.
Senidetzean parte hartzen dutenek bazkaria egingo dute Garaiko plazan, 14:45ean edo eguraldiak laguntzen ez badu herriko frontoian. Senidetzea giro alaian egin nahi da eta trikitilarien-eta partaidetza egongo da.
Bazkalostean senidetzearen ezaugarriak diren ikurrak bisitatuko dituzte, hau da, Garaiko San Migel elizaren ondoan landatutako artea, mugarria eta mahastia. Amaitzeko, talde-argazkia aterako dute.
Garaiko Udalak dei egiten die garaitarrei senidetze-ekitaldia dela eta, antolatutako jardueretan parte har dezaten. Gainera, gogoratzen die bazkarian parte hartzeko, apirilaren 29a arte, astelehena arte, eman ahalko dela izena, Garaiko udaletxean.
Herri bien arteko senidetza 2013an hasi zen bi udalek berariaz hartutako erabaki eta sinaturiko akordioen bitartez. Hori horrela, urte batean, Garaiko herritarrak Lantziegora eta, hurrengoan, Lantziegokoak Garaira hurreratzen dira, senidetzako akordio hori urtero-urtero berrituta.
Hala ere, 2020 urtean, zorigaiztoko pandemia zela eta, “eten egin zen harreman-bide hori. Hurrengo bi urteetan ere ez zen halakorik egin”, Garaiko Udal ordezkariek adierazi dutenez. 2023an, ostera, harremanak berreskuratzeko hautua egin zuten bi udalek eta pasa den urtean, garaitarrak hurreratu ziren Lantziegora.