Garaiko herriak Hondakin Uren Araztegi berria dauka, 18 hilabeteko lanen ondoren. Herriguneko etxebizitzen, jatetxeen eta landetxeen hondakin urak araztuko dituen azpiegitura gauzatzeko, Udalak 219.000 euro inbertitu ditu.
200 bat lagunek sortutako hondakin urak arazteko ahalmena izango duen araztegia trinkoa da eta lurperatuta dago. Arazketa-sistemak bi modulu bereizi ditu; batetik, dekantazio-tanga eta, bestetik, oxidazio osoko araztegia. Arazketa hiru alditan egiten da: lehen mailako dekantazioa, oxidazio biologikoa eta bigarren mailako dekantazioa.
Egungo beharrizanei eta datozen urteetan aurreikusi direnei erantzuteko gauza izango den azpiegitura, “zenbait astetan probaldian egon da, behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko”, adierazi dute Udal ordezkariek. Ondo funtzionatzen duela baieztatuta, isuriak ekidin, hondatuta zegoen putzu zaharra kendu eta kutsatutako lur-eremua berreskuratzeko lanak ere burutu dira.
Araztegia eraikitzeko, 2.000 metro koadroko azalera daukan lursaila eskuratu du Garaiko Udalak, eta azpiegitura zaharra zegoen eremua berrerabili eta lehengoratu du.
Araztegi zaharra duela 40 urte eraiki zuten Garaiko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Ordutik hona, herrigunean bizi den familia-kopurua hazi, bi landetxe zabaldu eta jatetxeen jarduera areagotu da eta, ondorioz, zaharkituta geratu eta hondatu ere egin zen.
Herritarren beharrizanei erantzun, isuriak saihetsi eta egun indarrean dagoen araubidea betetzeko asmoz, Garaiko Udalak 2020ko azaroan abiatu zuen araztegi berria eraikitzeko prozesua.
219.000 euroko inbertsioa eragin duen egitasmoa gauzatzeko, Garaiko Udalak 160.000 euroko diru-laguntzak lortu zituen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik.