Garaiko Udalak Kurutzondotik hilerrira doan bidea oinezkoentzako hiribide gisa izendatu du, udalbatzak aho batez onartu baitu erabaki horri buruzko ordenantza.
Erabakia hartzerako orduan kontuan izan dute “San Migel elizaren inguruak daukan berezitasun historiko eta hirigintzakoa”, baita aldez aurretik zirkulazioa murrizteko onartutako erabakiak.
Hala ere, arauak ezarri zirenetik “behin eta berriro urratzen dira”, ibilgailuak “etengabe zirkulatzen ari dira Kurutzondotik hilerrira doan bidetik zehar, edozein ordutan zirkulatu ere, bereziki, Kurutzondotik San Migel elizaraino doan tartean”. Gertaera horrek, gainera, “arriskuan jartzen ditu oinezkoen segurtasuna, igarotze lasaia, bai eta azpiegitura horren mantenua ere”, Udal agintarien arabera.
Ondorioz, Garaiko Udalak araudia berrikustea “behar-beharrezkoa” dela uste du, eta gainera “arauak bete ez edo urratuko balira, neurri hertsatzaileak ezartzea” aurreikusten du.
Onartutako ordenantzaren arabera, aurrerantzean “debekaturik egongo da ibilgailuen zirkulazioa” eta bakarrik baimendutakoak igaro ahal izango dira. Azken horiei begira, Udalak sistema telematiko bat jarriko du indarrean eta Kurutzondotik igaro ahal izateko zirkulatzeko baimena duten pertsona fisikoek eta juridikoek bakarrik igaroko dira.