
Urtero ospatzen den Durangaldeko Txistularien Eguna Mallabin izango da aurten, martxoaren 17an. Hitzordu horren harira antolatutako ‘Hiruzulo’ ekimena, berriz, martxoaren 9an izango da, Durangoko San Agustin kultur gunean.
Garikoitz Mendizabal txistularia eta Gorka Hermosa soinujolea izango dira bigarren urtez ospatuko den ‘Hiruzulo’ ekimenaren protagonistak, Jaizale Durangaldeko Tistulariek eta Durangoko Udalak egindako aurkezpenean jakitera eman dutenez.
San Agustinen eskainiko duten agerraldian tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen ‘Sustraien Matxinada’ eskainiko dute. Lan horretan tartekatutako konposizioek folklorearen, jazzaren eta musika klasikoaren arteko desberdintasunei eusten diote, eta euskal eta penintsulako folklorearen erritmoak eta doinuak, jazzaren askatasuna eta musika klasikoaren konposizio-prozesuak uztartzen dituzte.
‘Hiruzulo’ ekimenaren helburua, txistu musikaren errepertorioa ohiko kontzertuetatik haratago zabaltzeaz gain, hiru zuloko flauten familiako beste instrumentu batzuk ezagutaraztea da. Iaz egindako lehen edizioaren protagonista Gironako Blanes hirian jaio baina Zamoran bizi den Luis Antonio Pedraza txirularia izan zen.
Izan ere, Jaizale elkartearen helburua jendea txistuaren mundura hurbiltzea eta musika tresna honek eskaintzen dituen aukera eta espazio berriak ezagutaraztea da.
Durangaldeko Txistularien Eguna
“Hiruzuloren bigarren urteurrena eta Durangaldeko Txistularien Eguna euskal kultur oinordetza zaintzeko eta sustatzeko ahaleginaren erakusle dira”, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearen esanetan. Horregatik, antolatzaile eta boluntarioen dedikazioa eskertu eta “euskal musikari bere forma guztietan laguntzeko” konpromisoa berretsi du.
Bestalde, Mallabin martxoaren 17an ospatuko den 68. Durangaldeko Txistularien Egunean 80 musikari inguru batuko dira, txistulariez gain, koru-abeslariak eta metal musikariak izango baitira.