
Abadiñoko Muntsaratzen, auzoko jaiak ospatuko dituzte barikutik domekara, eta prestutako egitarauan lehiaketa gastronomikoak, mozorro eguna, musika ekitaldiak edo soka-tira erakustaldia nabarmenduko dira.
Auzokideak prestatutako egitaraua barikuan hasiko da, 19:00etan altxatuko duten Donien Atxarekin eta Abadiñoko Talde Batuak eskainiko duen dantza ekitaldiarekin. Ondoren, Soun4en makro diskoa, zapatuko paella eta tortilla txapelketetarako inskripzioaren irekiera eta Hazi Fundazioak eskainitako parrillada egongo dira. Karne Cruda eta Eutsi taldeek gauerdian hasita eskainiko dituzten ekitaldiek osatuko dute eguna.
Mozorro lehiaketa
Ibilgailu klasikoen kontzentrazioarekin, umeentzako entzierroa eta puzgarriekin eta mozorro lehiaketarako izen-ematearekin abiatuko da zapatuko egitaraua. 14:00etan paellen aurkezpena eta sari-banaketa egingo dira eta bazkalosteko apar jaia eta txistorra janaz gain, Holandako soka-tira Mundialean arituko den Euskal Selekzioak azken entrenamendua egongo da.
Ondoren, umeendako tailerrak eta aurpegiak margotzea, ugasixo txapelketa, nagusiendako dantza saio eta tortilen aurkezpena eta sari-banaketa egingo dira. Eguneko azken ekitaldiak, su ikuskizuna, disko festa eta Dani Borge eta Cristian Piornedo Djen saioak izango dira.
Herri-kirolen erakustaldiarekin hasiko dira 11:00etan domekako ekitaldiak. Eguerdian, mahai-tenis partidak jokatuko dira eta maleta siku auzo bazkaria egingo dute. Arratsaldean, Arimak txikienentzat eskainitako disko festarekin eta txokolatadak emango diete amaiera aurtengo ospakizunei.