Gaur arratsaldean hasi eta domekan amaituko da Durangon ospatuko den Zap’Ing film laburren lehiaketaren seigarren edizioa. Zapaburu konpartsak antolatutako ekimenak sormena, autogestioa eta aisialdia uztartu nahi ditu. Parte hartzaileek 42 ordu izango dituzte film labur bat egin eta aurkezteko.
Ekimena arratsaldeko 18:00etan hasiko da Plateruena Kafe Antzokian. Bertan, film laburren grabazioan jorratu beharreko gaia eta bete beharreko baldintzak azalduko dira. Lehiaketan parte hartzen duten taldeek 42 ordu izango dituzte filma pentsatu, grabatu eta ekoizteko.
Lanak domekan eguerdiko 12:00ak baino lehen entregatu beharko dira. Arratsaldean, lan guztiak ikusteko aukera egongo da Plateruenan 18:00etan hasita egingo den itxiera galan. Ondoren, sariak banatuko dira.
Izen-ematea aldez aurretik egin daiteke zapaburukonpartsa@gmail.com helbidera idatziz. Hala ere, ez da arazorik egingo bariku arratsaldean izena eman eta ekimenean parte hartzeko.