Berbaro elkarteak gaur bertan emango dio hasiera Hirukoa lehiaketaren hirugarren edizioari. Parte-hartzaileek galdetegi bat bete beharko dute datozen hiru asteetan.
Astero, mota askotako galderak erantzun beharko dituzte lehiakideek; “Durangoko historiari buruzkoak eta eguneroko kontuak edo kultura, kirola, pertsona famatuen aurpegiak asmatu, hieroglifikoak eta abar luze bat”, antolatzaileen esanetan.
Parte hartzeko beharrezkoa da hiru laguneko taldea egitea, eta datozen hiru asteetan Berbarok kaleratuko dituen hiru galdetegiak bete eta bidali behar dira igande gaua baino lehen.
Galdetegi horiek astelehenero eskuragarri ipiniko dira Berbaroren webgunean (www.berbaro.eus) eta Twitter, Facebook eta Instagramen dituen sare sozialetan. Astero-astero, sailkapena eta puntuazioak argitaratuko dira, eta behin hiru asteak pasata, puntu gehien lortu duen taldeak Errigorako otzara eder bat jasoko du sari moduan.
Azken edizioan 23 hirukotek hartu zuten parte, eta ‘Zenitalde’ izeneko hirukoteak eraman zuen Errigorako otzara etxera.