Elorrioko Arriola Antzokiko arduradunek bertan antolatzen diren ekitaldien ordutegia egokitu dute, Eusko Jaurlaritzak emandako agindu berria dela eta. Aldatuko diren ekitaldien artean gaur bertan hasten den 24 Ordu Digitalean filma laburren lehiaketa dago.
Norgehiagoka gaur arratsaldeko 18:00ean abiatuko bada ere, lehiaketara aurkeztutako pelikulen emanaldia aldez aurretik iragarritakoa baino ordu bete lehenago hasiko da; hau da, emanaldia eta sari banaketa saioa arratsaldeko 19:30an abiatuko dira.
Aurtengo 24 Ordu Digitalean arratsaldeko 18:00etan hasiko da, ordu horretan emango baitira ezagutzera Arriola Antzokian edizio honetako gaia eta pelikulan agertu behar diren objektua eta esaldia. Fima egiteko betebeharrak jaso ondoren, ekimenean parte hartu nahi duten lehiakideek 24 ordu izango dituzte, istorioa asmatzeko, grabatzeko, editatzeko eta lanak entregatzeko.
Edizio honetan 1.700 euro saritan banatuko dira, irabazleak 700 euro jasoko baititu eta lehen eta bigarren finalistak 500 euroko sari bana jasoko dituzte.
Orutegien aldaketak
Bestalde, “Covid-19aren transmisio komunitarioa geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken neurrien ondoren”, areto horretan antolatzen diren “jardueren ordutegia aldatu behar izan dugu, gutxienez azaroan”, adierazi dute antzokiko arduradunek.
Hala ere, gaur iluntzean Adriana Bilbao eta Beñat Achiaryk eskainiko duten ‘Burdina’ euskal sustraidun dantza flamenkoa eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizuna, 20:30ean hasiko da.
“Oro har, gazteei eta helduei zuzendutako jarduerak 19: 00etan izango dira eta haurrei zuzendutakoak 16: 00etan”, zehaztu dute Arriolako arduradunek.