Bizkaiko gazteriaren eskura jarri du gune birtual berri bat Foru Aldundiak. “Gaztebizz” webguneak eduki ugari ditu eta lurralde historikoko gazteei interesatzen zaizkien gai berrienei buruzko informazio zabala eskaintzen du.
“Gaztebizz” web orriak martxoan eman zituen bere lehenengo urratsak sarean, eta, hilabete hauetan, aberastu egin da. Bertan, Bizkaiko gazteentzat interesgarria izan daitekeen informazioa, indarrean dagoena eta berriena, biltzen du. Izan ere, informazioaren arloko, aisialdirako eta ondo pasatzeko eskaintzan, hainbat alderdi jorratzen ditu: prestakuntza, enplegua bilatzeko formulak, ibilbideak eta bidaiak, osasuna, kirola eta abentura, egon daitezkeen jarduera guztiak biltzen dituen erregistro eguneratua, Lifestyle, etab.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputatu, Josune Ariztondok, adierazi duenez, GAZTEBIZZ orriaren xedea dela Bizkaiko gazteei, haien familiei eta gazteen arloan lan egiten duten eragileei informazio zabala, interesgarria eta erabilgarria eskaintzen duen plataforma bat izatea.
Web orri moderno eta “fresko” honekin, Foru Aldundiak duela urte batzuk hasitako bideari eusten dio, Bizkaiko gazteei, ” zeharka, haien emantzipazioa indartzen eta gizartean guztiz txertatzen laguntzeko neurriak eskaintzeko”.
Bideoen kanala
Aldunditik aurreratu duten bezala, Gaztebizz ziberespazioak oso harrera ona izan du azken asteetan, milioi bat inguru bisita izan baititu, batez ere atal hauetan: Jarduerak eta Programak, Agenda, Gazte Informazioa, Berriak edo “BizzTB” izeneko bideoen kanala.
Diputatuak esan duenez, Bizkaiko gazteen % 77ak ordenagailuaren inguruan ematen du bere aisialdia eta sarea harremanetarako, sozializatzeko, izaera eraiki eta partekatzeko, bideoak ikusteko, musika entzuteko, interesatzen zaizkien gaiei buruzko informazioa bilatzeko erabiltzen dute.
Eta xede hori multidimentsionalitatetik lortu nahi dutela gehitu du, informazioa idatziz, telebista bidez edo audio formatuan eskainita. Izan ere, interesa piztu eta eraginkorra izan nahi duen ekimen bat da eta horrela ikusi dute gazteek, martxan jarri zenetik bost hilabete eskas pasatu direnean izan duen harrera kontuan hartuta.
Informazio gehiago: www.gaztebizz.com