
“Euskaraldiarekin bat egin dugun zornotzarrok mila lagunen langa gainditzea lortu dugu”, azpimarratu du Zornotzan bizi eta Euskaraldiko lantaldeko kidea den Urtzi Guruziaga galdakoztarrak.
-Noiz hasi zineten prestatzen Zornotzan Euskaraldiaren edizio hau?
-Batzordea hiru edo lau urte direla sortu zen lehenengo edizioa prestatzeko. Ni neu ez nintzen hasieratik egon lantaldean, nahiz eta Ahobizi moduan parte hartu nuen. Oraingo edizioa prestatzeko iazko maiatzean batu nintzen lantaldera eta ordutik gabiltza prestaketa lanetan, nahiz eta covid-19aren ondorioz arazotxoren batzuk izan ditugun.
-Osasun egoerak eragin zuzena izan du eta aurten gutxiago dira izen eman duten norbanakoak.
-Horrela da. Aurten ez dago aurreko edizioan egon zen beste giro; jendea hotzagoa dago, eta hori bizi dugun egoera arraroarengatik dela uste dugu. Aurrekoan hartu-emana errazagoa zen baina aurten jendearengana hurbiltzea gehiago kostatu zaigu. Hala ere, Euskaraldiarekin bat egin dugun zornotzarrok mila lagunen langa gainditzea lortu dugu, eta herritarren %5a erakartzea ez da gutxi.
-Gehienak Ahobizi rola hartuko dute, ezta?
-Helburuetariko bat Belarriprest asko erakartzea da baina, zoritxarrez, Zornotzan zein Euskal Herriko leku gehienetan, euskaldun zaharrak eman dute izena gehien bat eta Ahobizi rola aukeratu dute. Belarriprestaren rola, agian, estigmatizatuta dago, baina figura hori ez dagokie euskaldun berriei bakarrik; euskaraz ondo dakien euskaldun zahar batek, baina bere egunerokotasunean euskara erabiltzen ez duenak eta dinamika hori aldatzeko prest dagoenak, figura hori aukeratu dezake.
-Zornotzan Euskaraldiaren antolaketa taldean gazte gutxi ari zarete, ezta?
-Lantaldean hasi eta lehenengo batzarrera joan nintzenean sorpresatxo bat hartu nuen eta gaur egun gazteena neu naiz; eta 35 urte ditut. Ematen du gure belaunaldia ez dagoela prest gure gurasoenari erreleboa emateko. Baina horren salbuespen argiak daude, tarteko azaroaren 12tik 19ra bitartean euskara hutsean aritzeko Gaztealdia dinamikan parte hartu zuen Maialen Arteagarena. Orokorrean, hala ere, uste dut gazteek euskara gero eta gehiago erabiltzen dutela eta helduon kasuan lagun artean erabilera errekuperatzen ari garela.
-Norbanakoen partaidetza bultzatzeaz gain aurtengo helburuetako bat elkarte, enpresa eta negozioetan ‘ariguneak’ sortzea da. Zenbat izango dira Zornotzan?
-Herriko 86 entitatetan ariguneak sortzea ez da gutxi. Batez ere kirol eta kultura taldeek eta enpresa zein negozio txikietan sortuko dira eta Aludium bezalako enpresa handietan ere izango dute arigune bat. Kasu batzuetan entitateen barruan sortu dira, beste batzuetan entitateetatik kanpora eta beste batzuetan barnean zein kanpoan.
-Egunero kultura agerraldi bat eskaintzen duen egitarau oparoa prestatu duzue eta gainera azken orduko beste ekitaldi bat gehitu duzue, ezta?
-Prestatu dugun egitarauko ekitaldiez gain bideo laburren lehiaketa bat antolatu dugu. Aurkezten diren lanak gehienez lau minutuko iraupena izan behar dute eta partaideek Euskaraldiaren inguruko gogoeten eta esperientzien berri eman behar dute. Jasotzen diren bideo guztiekin muntaketa bat egingo da eta Zornotzan ospatutako Euskaraldiaren korolario moduan eskainiko da. Gainera, bi edo hiru sari banatuko ditugu partaideen artean.