
Traña-Matienako San Prudentzio jaietako bigarren asteburua ospatuko da gaurtik domekara eta musika saioak eta bestelako ekitaldiak nabarmenduko badira ere, aipagarria da bihar ospatuko den Gazteen Eguna.
Asteburu honetako ekitaldiak gaur arratsaldeko bostak aldera abiatuko dira Merkatu plazan egingo den txiki meriendarekin eta Dj Kaktusek girotuko duen diskofestarekin.
Gaueko 21:30ean kontzertua egongo da Traña plazan, Gozategi, State Alerta eta Estutu taldeak agertokian azalduko direla. Ordu erdi geroago bertsolari saioa hasiko da Errota Kultur Etxean, eta oholtza gainean arituko diren Igor Elortza, Jone Uria, Amets Arzallus eta Txaber Altubek, Igor Galarza gai-jartzaileak proposatutako gaiak kantatuko dituzte.
Herri bazkaria
Zapatuan ospatuko den Gazte Eguneko egitaraua paella lehiaketarako izen-ematearekin, eta Iluntze dantza taldearen kalejirarekin eta Traña plazan eskainiko duen ekitaldiarekin abiatuko da.
14:30ak aldera txupinazoa bota eta herri bazkaria hasiko da Traña plazan eta bazkalostean gazteen arteko jokoak egongo dira Traña-Matienako Gazte Asanbladak antolatua. Ugasixo txapelketak, Sakatu taldearen kalejirak eta tortilla txapelketarako izen-ematea eta lehiaketak izango dute arratsaldeko protagonismoa.
Gauean, 22:30etik aurrera, Nikotina, McOnak, Dj Txusti, Inshore Music taldeek kontzertuak egongo dira Traña plazan, eta Trañabarren etorbidean Macro Km 69 taldeak girotutako erromeria egongo da.
Domekako egitaraua goizeko 11:00etan abiatuko da umeendako jolasekin eta Geredixa mikologia elkarteak eguerdian egingo duen perretxiko pintxoen dastaketarekin. 14:00etan Udalak antolatutako Jubilatuen bazkaria egongo da. Arratsaldeko umeendako jolasak, Show cooking, Zigor Iturrietaren Txiki Txef saioa eta Zaporeak egingo duen janari bilketa solidarioak, amaiera ipiniko diete ospakizunei, Donien Atxa 20:00etan kendu aurretik.