Gerediaga elkarteak, Durango Udalaren laguntzarekin eta Euskal Jaiak egitarauaren barruan, Pechakucha izenarekin egiten diren aurkezpen laburren saio berri bat prestatu du biharko eta bertan bost proposamen berritzaile ezagutzera emango dira. Ekitaldia arratsaldeko zortzietan hasiko da Andra Mariko elizpean
Natura eta bidaien argazkiak egiten dituen Leire Unzuetaren aurkezpenarekin hasiko da saioa eta ekitaldian azken hamar urteetako paisaiak gogoratuko ditu. Ondoren, eskualdean New-Gen taldean batzen diren eta akrobaziak eta lasterraldiak egiten dituzten freerunerren txanda izango da.
Bi gaztek sortutako Keep Real Kultura arropa markaren aurkezpenarekin jarraituko du ekitaldia. Ondoren, gai sozialak eta zentzu gabeko umorea jorratzen dituen Usue Egia ilustratzailea eta hezitzailearen txanda izango da, eta amaitzeko, Iñaki Etxezarraga ‘EtxE’ musikariak 15 urteko ibilbidearen berri emango du.
Munduan zehar ezaguna egin den Pechakucha aurkezpen formatua, 2017an ekarri zuen Gerediaga elkarteak Durangaldera eskualdeko gazte sortzaileen lanak eta proiektuak ezagutzera emateko asmoarekin.
Pechakucha hitzak berriketa esan nahi du japonieraz. Saioetako protagonistak beraien ideiak modu bizkor eta original batean aurkezten dizkiete gainerakoei. Izan ere, 20 segundo erakusten diren 20 iruditan oinarritutako aurkezpen kreatiboak izaten dira. Horregatik 20×20 ikurrarekin irudikatzen da sarri.