Iurretako Herri Bibliotekak 2015. urtean hasitako Txori Batek Esanda Dakit! ekimenaren edizio berri bati emango dio hasiera bihar, hilak 19. Haur eta gazte literaturaren bitartez areto literario formatuan urtero gai ezberdin bat jorratzen duen ekimenak, ‘Generoa’ izango da hizpide aurten.
Dinamika hau Maiztegi eskolako Haur Hezkuntza 5. eta Lehen Hezkuntza 6. mailara arteko ikasleekin egingo diren bisita gidatuen bidez bideratuko da.
Espazio hau Herriko Biblioteka eta Herriko Eskolaren artean aurrera eramateko ekintza bezala planifikatuta dago. Hori dela eta, bibliotekak zein eskolak betebehar zehatzak dituzte.
Biblioteka planifikazioaz eta antolaketaz arduratzen da. Horretarako, bibliografia eta gaiaren inguruko baliabideak aukeratzeaz gain liburuak lortu eta geletara helarazten ditu. Gainera, ekintzen eta bisita gidatuen diseinuaz eta berauek dinamizazioa hartzen ditu bere gain.
Eskolaren aldetik berriz, irakasleak gelan landu dezake gaia, berak egokien ikusten duen moduan; bibliotekatik irakurle txoko eta areto literarioa lotzen dituen saio bat eskaintzen zaie eta, azkenik, ikasleak berak bere kabuz, edo familiaren laguntzaz, gaia gehiago jorratzeko album bildumatxo bat izango dute gelan (gaiaren inguruko liburu kutxa bat).
Txori Batek Esanda Dakit! ekimenaren lehen edizioan Markinako Herri Bibliotekarekin burutu zen elkarlanean eta Gerra gaia izan zen hizpide.