
2017ko Sabino Arana saria jaso zuen atzo Gerediaga Elkarteak, Bilboko Arriaga Antzokian egindako galan. Ekimena antolatzen duen Sabino Arana Fundazioak, aintzat izan zuen “Durangaldeari, bereziki, eta Euskal Herri osoari egin dion ekarpen handia”.
Gerediagak eskuratu duen sariarekin bost hamarkadatan “Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta tradizionala zaintzen eta zabaltzen” eta “Memoria historikoa lantzen eta aldarrikatzen” egindako lana goraipatu nahi izan dute, Juan Mari Atutxa Fundazioko lehendakariaren esanetan.
Horrez gain, “diktaduraren urte beltzetan ereindako haziak Durangoko Azoka bilakatu du euskal kulturgintzaren eta sorkuntzaren erdigune, elkargune eta nahitaezko hitzordu, bai eta euskal kultura mundura zabaltzeko erakusleku ere” azpimarratu zuen Atutxak.
Gerediagari emandako saria elkartearen presidentea den Nerea Mujikak jaso zuen eta berea eta elkartearen poza aitortu zituen “elkartetik egindako lana aintzat hartu eta gaur Sabino Arana saria jaso dugulako”. Gainera, “Gerediaga Durangoko Azoka baino gehiago dela erakutsi eta etorkizunera begira elkarteak dituen erronkei aurre egiteko bitamina handia dela” esan zuen ere.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan zen Sabino Arana Sarien XXIX. edizioan, beste lau sari banatu ziren. Antolatzaileek, Koopera gizarte eta ingurumen berrikuntzan lan egiten duen kooperatiba; Ramón Barea aktore, zuzendari, dramagile eta ekoizlea; Abel Barriola pelotaria eta, azkenik, EZ beti da EZ!/¡NO es NO! “garrasi kolektiboa” saritu zituzten.