Eskualdeko bazkide-babesle diren liburutegiak eta Berbaro Elkartea izango dira Gerediaga Elkarteak banatuko dituen liburuen hartzaileak. Guztira 1.000 liburu inguru eta 50 joku sorta banatuko ditu.
Durangaldearen alde lan egiteko eguneroko eginkizunean, Gerediaga Elkarteak ???ezin du ahaztu arlo kulturala eta editorialarekin duen konpromisoa eta ildo nagusi bi horiek batzen saiatzen da???.
Hau dela eta, 1.000 liburu inguru eta 50 joku sorta banatuko ditu. Alde batetik, Berbaro elkarteak haur literatura jasoko du neska-mutikoekin tailer eta ekintzetan erabiltzeko. Honetaz gain, Gerediaga Elkarteko bazkide-babesle diren Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Mañaria, Otxandio eta Zaldibarko liburutegiak izango dira beste nobedadeen hartzaileak.
Gerediaga elkartetik azaldu duten bezala, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan argitaletxeen nobedadeak jasotzen dituzte egun horietan sustapena emateko. Azoka pasa ondoren, materialak elkartera bueltatzen dira. Egoitzan aukeraketa bat egiten da eta Durangaldeko erreferentziak dituztenak Durangaldeko Dokumentategian gordetzen dira.