Durangaldeko gazteen artean ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna bultzatzeko helburuarekin, Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariaren bigarren deialdia abian jarri du. Egitasmoak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa du.
Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da eta edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke. Beraz, historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika edo bestelako gaiak onartuko dira.
Lana euskara hutsean aurkeztu behar da, jatorrizkoa izan behar du eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.
500 eta 1000 euroko sariak
Lanak bakarka egindakoak edo talde lana izan daiteke. Hala ere, bi kategoria egongo dira: 18 urtera artekoak eta 19-35 urte bitarteko gazteak. Lehenen kategoriako irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta bigarrenekoak 1000 euroko saria. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da, eta talde lana bada, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza.
Apirilaren 17ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Epaimahaia, Iruri Altzerreka Martinez zuzenbidea ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako gazteek osatuko dute.
Lehen deialdian saritutako lanak Peio Martin Estevez zornotzarraren ‘Elkarrizketa amamarekin’; Ibone Gomez Tamayo zaldibartarraren ‘Euskal bidaiariak’; eta Adrian Burgada Ereño durangarraren ‘Ibaizabal ibaia’ izan ziren.