
Urtea amaitzearekin bat Gerediaga elkartea agurtuko du 2009. urtetik kudeatzaile lanak egin dituen Aitziber Atorrasagastik. Datorren urtarrilaren 2an bere zeregin berriekin hasiko da Kultura Sustatzeko zuzendari lanetan, Bingen Zupiria sailburu duen Eusko Jaurlaritzako Kultura sailan.
“Arlo pribatutik publikora salto egitea inportantea da niretzat, erantzukizunari dagokionez batez ere” Deustuko Unibertsitatean Ekonomia-Zuzenbidean lizentziadunaren esanetan. “Orain arte Gerediaga elkartearen politika edo kudeaketa administratiboa egiten egon naiz eta hemendik aurrera izango ditudan lanak seriotasun handiz hartu beharko ditut”.
Ondo egindako lana
Gerediaga elkartearekin azken lanegunak betetzen ari den kudeatzaileak agi du Kultura Sustatzeko zuzendari kargurako aukeratu badutela “Gerediagan egindako lanean zerbait ikusi dutelako izango dela”. Kargu berrirako izendapena, “lana ondo egiteagatik eta egindako esfortzuaren ondorioa” izango denaren susmoa du Atorrasagastik eta “hemendik aurrera ere profesional on bat izaten saiatuko naiz”.
Urte hauetan egindako bideen zein hartutako erabakiak eta Durangoko Azokan izandako eskarmentua baliatuko ditu hemendik aurrerako lanetarako. “Azokak azken urteetan izandako garapena oso ondo etorriko zaidala uste dut, literatura eta musikaren azoka izatetik ‘Kulturaren plazara’ izatera igaro delako. Bertan, kulturaren adierazpen desberdinak barneratu eta kudeatu ditut”.
Hala ere, Euskal Herria anitza denez eta kultura “beste leku askotan ere ematen dela kontuan hartuta”, bestelako errealitateak ezagutu beharko dituela aitortzen du. Gainera, Zupiriarekin izan dituen elkarrizketetan “Bingen indartsu datorrela eta gauza berri asko egiteko gogoarekin dagoela” ikusi du Atorrasagastik.
Kultura Sustatzeko zuzendaritzan izango duen eginbeharra “nahiko anitza” izango dela azaldu du. Bingen Zupiriak kudeatzen duen sailaren ezaugarri nagusiak kultura eta euskara izango badira, Atorrasagastiren lanak azken atal honi egongo dira lotuta, Josean Muñoz sailburuordearen aginduetara hain zuzen.
Ekarpen baliotsua
Gerediaga elkartetik “sentipen bikoitza” dutela adierazi dute. Alde batetik, “pozik gaude Aitziberrek halan erabakita bere ibilbide profesionalean emango duen pausuagatik”. Hala ere, “penaz esaten diogu agur -edota gero arte-. Izan ere lan handia eta ekarpen baliotsuak egin ditu elkartearen barruan”.
Atorrasagastik izango duen zeregin berrian “zorterik onena” opa ondoren, Gerediagaren eskerrona agertu nahi diote, “2009an gure proiektuarekin bat egin zuenetik Gerediaga Elkarteari emandako guztiagatik”.