Gerediaga elkarteak 2007. urtetik argitaratzen duen Astola aldizkarian tartekatutako zazpi ikerketa lan entzuteko formatura egokitu ditu.
Durangaldeko historia eta ikerketari buruzko 16 urtekari argitaratu dira dagoeko, eta podcast formatuan egokitutako zazpi ikerketa lanak, entzungai daude dagoeneko Gerediaga Elkartearen webgunean.
Aukeratutako lanei Felix Arkarazo, Tere Eguzkiza, Maite Berriozabal, Maite Lopez, Iñaki Guridi, Andoni Aizpuru eta Esti Gonzalezek jarri diete ahotsa. Podcast sarreretako ahotsa, berriz, Bizkaia Irratiko Miren Ezkurra esatariarena da.
Entzuteko erakargarriak
Aukeratutako testuak Edorta Barruetabeña durangarrak egokitu ditu “modu erakargarrian entzungai egiteko”, Gerediagako kideen esanetan. Podcast formatuan moldatutako zazpi lanak honako hauek dira: Iurretako Santa Apolonian lur hartu zuen hegazkinari buruzko pasartea; Anbotoko Damari buruzko teoria ezberdinak; Mikeldiko txerriari buruzko misterioa; Garaiko San Juan Momoition egindako aurkikuntzak; Durango kotxearen abentura; Elorrion izan zen eskola esperimentala; eta Durangaldeko leinuen gerrak.
Edizio lana Liher Larrañaga elorriarrak egin du, eta grabazioak Durango Irratian eta Berrizko Lorentzo Records grabazio estudioan egin dira.
Ekoiztutako lehen zazpi podcastak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren eta Durangoko Udalaren laguntza izan dute. Momoitioko aurkikuntzei buruzko podcastak, gainera, Garaiko Udalaren laguntza ere izan du.
Gerediaga Elkarteak beste hiru ikerketa podcast formatura egokitu nahi ditu aurten, eta formatu horretan espezializatutako sare sozialetan ere zabalkundea egingo du aurrerago.
Aurkezpena foru-zelaian
Egitasmoa jendaurrean aurkeztuko da bihar, hilak 21, iluntzeko 20:00etan, Gerediagako foru-zelaian. Ekitaldia ikuskizun formatuan egingo da, eta ekoiztutako podcast baten oinarrituta, Karrika antzerki taldeak kontakizun antzeztua egingo du.
Ekitaldiaren bigarren partean, hurrengo ekoiztuko diren podcast berrietako baten zuzeneko irakurraldia egingo du Felix Arkarazok, Gehi Zazpi biolontxelo taldearen zuzeneko musikak girotuta.
Ekitaldia amaitzeko, eta urteko egun luzeenari amaiera emateko, Eusko label produktuak dastatzeko aukera egongo da.