
emaitzak.
Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Siadeco ikerketa etxeak eta Gerediaga elkarteak iazko Azokan egindako ikerketak, 915 pertsonei egindako elkarrizketa hartu ditu oinarri. Jasotako datuen arabera Azokara gerturatzen den bisitaria “oso fidela” izateaz gain (%70a ohikoa da Azokan), “gaztea” eta “%90a euskal hiztuna” da eta, bataz beste, 65 euroko gastua egiten du.
Aste honetan kaleratutako datuen arabera, “ikerketaren ondorioak esanguratsuak dira Azokarentzat, eta etorkizuneko erronkei begira jarri da”, Gerediaga elkarteko arduradunen esanetan. Jasotako datuen azterketak, Azokara gerturatu ez direnak eta euskal hiztunak ez direnak erakarri eta Azokako gune ezberdinak eta euren egitaraua nola ezagutaraztera bultzatzen ditu antolatzaileak.
Azokara doan bisitariaren %57a emakumea da. Bertaratzen diren bisitari guztien herena inguru (%34,2a) 16 eta 29 urte arteko gaztea da eta bisitarien bataz besteko adina 37 urtekoa da (16 urtetik beherakoak kontuan hartu barik).
Ikasketei eta lan-egoerari dagokionez, %56ak goi mailako ikasketak ditu eta heren bat alor publikoan enplegatuta dago. Bisitarien %50a bizkaitarra da, %33a Gipuzkoatik dator; %7a Arabatik; %6a Nafarroatik eta %2a Ipar Euskal Herritik eta gehienek Euskal kulturaren eskaintza zabalaz erakarrita eta bertan sortzen den giroagatik gerturatzen dira.
Esanguratsua da ia bisitari guztiek ezagutzen dituztela Landakoko standak, baina erdiek baino gehiagok ez dituzte Kabi@, Saguganbara, Irudienea eta Szenatokia guneak ezagutzen. 45 urtetik gorakoek Areto Nagusiko hitzaldi eta jardueretan daude interesatuak eta gazteek berriz, Ahotsenearekiko interesa agertzen dute.
Ikerketaren aurkezpen ekitaldian Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko kidea, Juanjo Allur Siadeco ikerketa etxekoa eta Aitziber Atorrasagasti eta Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko kudeatzailea eta presidentea, hurrenez hurren, izan ziren.