Zornotzako Larrea auzoan kokatuta dagoen Aita Santi Onaindiaren oroigarriaren alboan landatu zuten atzo Gernikako arbolaren kimua. Arbola berriak, Udabarri eta Aita Santi Onaindiaren gomuta batera gordeko ditu. Zornotzar askok, dantzariekin batera, kalejiran igo ziren Larreara ekitaldi hunkigarri honetan parte hartzeko.
Luis Arostegi fraide karmeldarrak hitza hartu zuen ekitaldiari hasiera emateko eta Udabarriren lehenengo urratsak gogoratu zituen. 50 urte bete ditu dantza taldeak eta “aldi luze honetan, Zornotza aldea alaitu eta adoretu izan dute”, gogoratu zuen Arostegik.
Eguneko protagonista nagusietako bat Onaindia izan zen, euskara eta euskal kulturaren eragilea. Aldizkari bi sortu bazituen ere, 1962. urtean debekatuak izan zirela gogoratu zuen Arostegik, baina “bere eran, irribarrez baina sendo eta ekintsu aldizkarien ordez, urtero liburuak ateratzen zituen euskaldun jendea eskolatzeko”.
Kimua bedeinkatu eta gero, partaide desberdinak ‘arbola santua’ landatu zuten. Ekitaldian izan ziren Luis Arostegi eta Jon Korta karmeldarrekin batera, Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara ahalduna; Andoni Agirrebeita, Zornotzako alkatea, eta udaleko zinegotziak eta Udabarriko ordezkari bat izan ziren. Ondoren, bertan zeuden zornotzar guztiak izan zuten lurra botatzeko ohorea.
Argazkiak: Maite G. Bilbao eta Luis Iturrioz.
[ess_grid alias=”homenaje aita santi”]