Durangoko Sorginola Gaztetxeko kideek aurreko bi asteetan egindako batzarretako ideia zaparradetako egitasmoak gauzatuko dituzte abenduko bi zapatutan. Iragarritako bi auzolanetan, zine gela, sukaldea, aterpeko skateparkea edo Fanzine Literarioa gauzatuko dituzte.
“Dinamika eta proiektu ezberdinen ideia zaparrada” egin eta gero, hainbat egitasmo landuko dituzte datozen hilabeteetan Sorginola Gaztetxean. Gauzatu nahi duten lehen egitasmoa lehenengo pisuko “Asanbladarako espazioa txukun jarri eta zinema bukatu” izango da, eraikina dinamizatzen duten gazteen arabera. Espazio hori estreinatzeko, ‘Gernikaren Egiak’ dokumentalaren emanaldia iragarri dute abenduaren 28rako.
Gune hori atontzeko lanak, abenduko lehen eta azken zapatuetan, hilaren 2an eta 30ean alegia, egingo dituzte. 10:00etatik 13:00etara bitartean egingo diren lanak, hormak margotzea, leihoak txukuntzea eta garbiketa orokorra egitea izango da eta bertaratzen direnek hamaiketakoa izango dute.
Urtarriletik ekainera auzolanak egiten jarraituko dituzte eta lehen eginbeharra bigarren pisuan kokatuko duten sukaldea eraikitzea izango da. Espazio hori amaituta izatea espero dute uda hasieran ospatuko duten Fundifest urteurrenerako eta jai horren baitan egiten den bazkaria bertan prestatuko dute.
Sukalde horrek “Durangoko gazteongan eragin dezakeen guztia irudikatzeko tartea uzten du” eragileen esanetan, besteak beste, gazte-txokoa, errezeta programa edo tailerrak lantzeko asmoa aurreratu baitute.
Bestalde, Sorginolako teilatupean martxan dituzten hiru proiekturen berri ere eman dute. Alde batetik, “Tronpa Musika Proiektua eraikitzen dabilen musika entsegu lokala”; bestalde, Durangoko patinatzaileak egiten ari diren aterpeko skateparkea eta, azkenik, laster martxan jarriko duten Fanzine Literarioa.