Zornoza Kultura eta Arte Elkarteak ‘Amorebieta-Etxano 1937-2023. In memoriam’ ekitaldia prestatu du biharko.
Antolatutako oroimen ekitaldiak, eguerdian hasiko dira Zelaieta parkean. Sirena hotsen ondoren, Alaiak abesbatzak ‘Txoria txori’ abestuko du eta jarraian lore eskaintza egingo du ‘In memoriam’ oroitarrian Pedro Iparragirre gerra umeak eta Zornoza Kultura eta Arte Elkarteko bazkideak.
Ekitaldian Udabarri dantza taldeak eta Udazken txistulari taldeak eskainitako ‘Aurresku’arekin jarraituko du; ‘Gerra eta memoria’ izango ditu mintzagai Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak; eta amaitzeko ‘Gerra zitala’ eskainiko du Zornoza abesbatzak.
Aukeratutako data egun seinalatua da, historiagileen arabera “1937ko maiatzaren 18an tropa frankistek efektiboki Amorebieta-Etxano hartu zuten”. Zornoza Kultura eta Arte Elkarteak antolatutako ‘In memoriam’ oroimena, Gregorio Arrien kidearen ekimenari esker egiten da.