Zornoza Elkarte Artistiko-Kulturaleko kidea eta Amorebieta-Etxanoko okupazioa umea zala bizi eta gerraren mina jasan zuen Pedro Iparragirre izan zen Zelaieta parkean egin zen ‘In memoriam’ ekimeneko protagonista. Izan ere, berak egin zuen lore-eskaintza 1937ko gertaera oroitarazten duen plakan.
Ekitaldian herriko hainbat kultur erakundek parte hartu zuten, hala nola, Alaiak abesbatzak, Udazken txistulari taldeak eta Udabarri Dantza Taldeko dantzariek.
Gogora Institutuko zuzendaria den Aintzane Ezenarro ere Zelaieta parkean egon zen. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuko ordezkariak une historiko hartan demokraziaren eta askatasunaren alde egin zuten pertsonen ondarea goraipatzeaz gain, horiek defendatzeko erregimen faxista baten asmoei aurre egin behar izan zietela azpimarratu zuen.
Hiru belaunaldiren oroimena
Ezenarrok, Zornotzako hilerrian berriki egin diren prospekzioen berri ere eman zuen, gudarien gorpuzkiak aurkituz eta gerra zibileko gudari gehiagoren gorpuzkiak dituen hobi komun bat izan daitekeela baieztatuz. Datozen asteetan indusketa-lanekin jarraituko da, lurperatze horren irismena zehaztu ahal izateko.
Domekan egin zen ‘In memoriam’ ekimena sirena antiaereoen hotsarekin eta hegazkin faxistetatik erortzen ari ziren bonben txistuarekin hasi zen.
Zornoza Elkarte Artistiko-Kulturalak antolatutako ekitaldiak, “hiru belaunaldiren oroimena irudikatzen du: ondorioak zuzenean jasan zituztenena; bizitakoaren zeharkako ezagutza izan zutenena; eta azken gerra zibilaren berri izan dutenena, urruneko zerbait bezala ikusi arren”, antolatzaileen esanetan. Ekitaldiak, aurten ere, hiru bizipen horiek batu nahi izan zituen, “gerra zibila bezalako gertaera historiko mingarri baten hariaren bidez”.
Gregorio Arrien taldeko kidearen ekimenari esker egiten den oroimen ekitaldiak, 1937ko maiatzaren 18an gertatutakoa gogoratzen du, egun horretan “tropa frankistek Amorebieta-Etxano modu eraginkorrean hartu zutelako”.
Oroimen ekitaldiari Zornoza Abesbatzak eman zion amaiera, ‘Gerra Zitala’ abestuz.