Izurtzako herritarrek eta inguruko herrietatik gerturatzen direnek egitarau zabala izango dute jaien bigarren asteburuan, gaurtik igandera bitartean.
“Aurreko asteburuan, ohiko denez, Santa Agedan ibili ginen. Egitarauan berrikuntza nabarmenik egon ez bazen ere, giro ederra izan genuen Lotxoren erromerian edo herri-bazkarian”, Oihane Irastorza alkatearen esanetan.
Gaurko egitaraua Jaizale Durangaldeko txistulariek goizeko 10:00etan egingo duten kalejirarekin abiatuko da, eta arratsaldeko 16:00etatik aurrera Gertufest jai kultural herrikoia egingo da Santo Tomasen. Ekimena “gaua egin arte luzatuko da, aurten ingurua argiztatu egingo dugulako”, Irastorzak adierazi duenez.
Lehen edizio arrakastatsua
“Iaz ekimen horren lehengo edizioa egin genuen, eta oso arrakastatsua izan zen. Aurten, bigarren edizioa egingo dugu Korrala Sormen Gunearekin eta beste eragileen partaidetzarekin”. Bertan, “inguruetako hainbat artisau, umeentzat jolasak ipuinak, musika, zirkoa, graffitiak eta bestelako artistak izango dira. Diputazioak herrian duen aterpetxean dauden etorkinek ere parte hartuko dute, tearen zeremonia eginez”, alkateak azpimarratu duenez.
Biharko ekitaldiak 19:00etan abiatuko dira plazan, tortilla txapelketa arrakastatsuaren hasierarekin. Prestatutako tortillak aurkeztu ondoren herri afaria egingo dute, eta eguna borobiltzeko Xaiborren musika saioarekin dantzatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Etziko egitaraua Jaizaleren kideek egingo duten kalejirarekin hasiko da, 10:00etan. Eguerdira arte, umeen jolasak, igel txapelketa eta jubilatuen bazkaria egongo dira. Bazkalostean Argintxun jokatuko den mus txapelketak eta plazan egingo den partxis norgehiagokak emango diote amaiera aurtengo ospakizunei.