
Eguraldia lagun, giro bikainarekin amaitu ziren Elorrioko Ferixa Nausikoak. Domeka arratsaldeko bertso saioa eta euskaraz abestutako flamenko agerraldia Arriola Antzokian eskaini baziren botatako euri zaparradagatik, asteburuko tenperatura eta eguraldi bikainak parranda zaleen gogoa berpiztu zuen.
Zea Mays eta Koban taldeek bariku gauean eskainitako kontzertu ederrak piztu zuen parrandarako gogoa eta herriko plaza eta inguruak jaigiroan murgiltzeko gogoa zuen jendez bete ziren. Urarkan jarritako erromeriara berriz, oso jende gutxi gerturatu zen.
Eguraldi iragarpenak euria iragartzen bazuten zapaturako, huts egin zuten eta eguzkia eta tenperatura bikaina nagusitu ziren lehen ordutik eta Aldatsekuako jauregiaren inguruan hainbat kuadrilla bildu zen, goizean goiz, Sukalki txapelketan parte hartzeko asmoarekin. Hala ere, aurreko urteetako baino lehiakide gutxiagok eman zuten izena; guztira 81 lagun-talde aurkeztu ziren. Epaileen arabera ‘Buzkantz’eko lagun-taldeak aurkeztutako jakia izan zen onena, bai kuadrillen lehiaketan zein elkarteen artekoan. Bigarrenak, ‘Txabolakuek’ izan ziren eta hirugarren saria ‘Kaiku’koentzat izan zen.
Bazkaria eta karroza jaitsiera
Sukaldari lanetarako zein bazkaltzera gerturatutako hainbat kuadrilla mozorrotuta egin bazuten otordua, hainbat lagun-talde eta norbanakoak gehitu ziren arratsaldeko karroza jaitsierara. Veneziako gondoleroek, piratek, Urdaibai eta Orioko arraunlariek, pailazoek, cowboyek eta indiarrek, turistek…. milaka kolorez bete zuten herriko plaza ekitaldian parte hartu zuten 30 kuadrillek.
Parrandak ordu txikiak arte jarraitu zuen eta ia bat egin zuen domeka goizeko Elkartasun jaialdiarekin. Kainabera GKEak antolatutako ekimenak, munduko lurralde desberdinetako jakiak dastatzeko eta aurreko jaiegunetako ajeak astintzeko aproposak zirela erakutsi zuen.
Idoia Buruagak, Elorrioko alkateak, jaietan, herritik eta herritarrentzako lan egiten duten eragileak eskertu nahi izan ditu. Bere esanetan, “elorriarrek egiten dituzte berezi Ferixa Nausikoak eta beraien alboan egongo gara, beste hainbat arlotan egiten dugun bezala, jaiak ahal den heinean hobetzeko”.
Horren eredu, “kirol zein kultur talde ezberdinak, Kainaberak azken igandean egiten duen Elkartasun Jaia, Danborrada, Txosna Batzordeak zein Gaztetxeak egiten duten programazio osagarria, Euskaraldiaren Mintzodromoa, emakume taldeek egindako ahalduntze saioak eta beste hainbat ekitaldi”, azpimarratu ditu.